Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADI-N
Anduezak ukatu egin du krisirik dagoenik Jaurlaritza osatzen duten kideen artean
Dena dela, PSEko buruzagiak argi utzi du gai garrantzitsuen inguruko iritzia argi adieraztearen aldekoa dela, EAJk hori gustuko ez izan arren. Esan duenez, jeltzaleak ez daude horretara ohituta.
EITB MEDIA
Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak argi utzi nahi izan du Eusko Jaurlaritza osatzen duten kideen artean ez dagoela krisirik. Radio Euskadiko "Cronica de Fin de Semana" saioan egin ditu adierazpenok buruzagi sozialistak, eta modu horretan itxitzat eman nahi izan du sozialistek Hezkuntza lege proposamen berriaren kontra agertu izanak piztutako polemika.
PSE eta EAJ alderdien arteko harremana ona dela esan du, eta koalizio Gobernua osasuntsu dagoela. Dena dela, PSEko buruzagiak argi utzi du gai garrantzitsuen inguruko iritzia argi adieraztearen aldekoa dela, EAJk hori gustuko ez izan arren. Esan duenez, jeltzaleak ez daude horretara ohituta.
Ildo horretan, Hezkuntza lege proiektuaren dokumentua aztertzeko bilerak egiten ari direla jeltzaleekin azaldu du, aurkeztuko dituzten alegazioak prestatzeko. Hezkuntza publikoa lehenestea, hezkuntza-zentroen autonomia errespetatzea, eta hizkuntzari dagokionez, euskara ardatz bakarra ez izatea dira sozialisten oinarriak.
Bestalde, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzia ere izan du hizpide. Eztabaidan parte hartuko dutela esan du, baina erabakitzeko eskubidea egikaritzea ekarriko lukeen proposamenik PSEk ez duela babestuko argi utzi du.