Politika -
Epaia
Iñaki Gracia Arregiri Estatu espainiarretik irtetea galarazi dio Auzitegi Nazionalak, ihes egin dezakeelakoan
Auzipetuari egotzitako delituak duen "larritasun maila" eta horrek "ekar liezaiokeen zigorra" kontuan izanda erabaki du epaileak neurri hori ezartzea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alejandro Abascal Auzitegi Nazionaleko epaileak erabaki du Iñaki Gracia Arregi ETAko buruzagi ohiari pasaportea kentzea, eta Estatu espainiarretik irtetea galaraztea, "leporatutako delituaren larritasun maila kontuan hartuta". Hain zuzen ere, 1995eko urtarrilaren 23an, Donostian, Gregorio Ordoñez PPko zinegotzi ohia hiltzea egotzi diote.
Horixe da astelehen honetan emandako ebazpenean epaileak jaso duena. Zehazki, Estatu espainiarrean helbide bat aukeratzeko, eta telefono zenbaki bat emateko eskatu dio ETAko buruzagi ohiari, jakinarazpenak helbide horretara bidaltzeko eta, behar denean, epaitegietara deitu ahal izateko.
Gracia Arregiren deklarazioa bukatu, eta ordu gutxira hartu du erabakia epaileak. Ordoñez hil zuela ukatu du gaurko saio horretan Gracia Arregik.
Esan bezala, auzipetuari egotzitako delituak duen "larritasun maila" eta horrek "ekar liezaiokeen zigorra" kontuan izanda erabaki du Abascalek aipatutako neurria ezartzea.
Akusatuaren abokatuak, aitzitik, argi utzi nahi izan du ez dagoela ihes egiteko arriskurik, eta esan du kriminalitate zantzuak ez direla "gisa horretako neurri bat hartzeko bezainbestekoak".