Politika -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Arriola: "Euskadiko alokairu-politikei bultzada handia eman nahi diegu"

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak Casado bizitzen ari den egoerari buruzko iritzia eman du: "Tristea da Pablo Casadoren bakardadea, krudela da politika".

Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua.
Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua.
Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua.

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Arriola, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan azpimarratu duenez, Jaurlaritzatik bultzada eman nahi diote Euskadiko alokairu-politikei. 

Hala, gogorarazi du duela gutxi onartu dela Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala, epe ertain-luzerako akordio bat lortze aldera. Arriolak nabarmendu du azken urteetan aldaketa handia egon dela etxebizitzen eskarian, eta beharrezkoa dela etxebizitza bat eskuratzerako orduan gaur-gaurkoz dauden beharrizanei erreparatu eta egungo eredua aldatzea eta egokitzea.

Beste herrialde batzuetako ereduei balio eman die eta, Euskadin, orain arte jabetzako etxebizitzei garrantzia eman bazaie ere, "gure kultura aldatzea nahieztakoa" dela nabarmendu du, egungo eskariari aurre egiteko. Itun honekin 15 urtetan babes ofizialeko etxebizitzak bikoiztu nahi dira Euskadin.

Ildo horretan, eta Donostiako Udalak Easo ingurua berrantolatzeko egin berri duen proposamenari dagokionez (2024tik aurrera lurperatuko da, eta, besteak beste, 450-500 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten da zazpi eraikinetan), sailburuak argi dauka: "Etxebizitzak babes ofizialekoak izatea gustatuko litzaiguke. Hori izango da gure proposamena, hirian etxebizitza eskuratzeko aukera bat delako".

Espainiako etxebizitzaren legeak eskumen autonomikoak inbaditu ditzakeen galdetuta, Arriolak ezetz esan du. "Gure etxebizitza legea Espainiakoa baino askoz aurreratuagoa da", gaineratu du.

Garraioa Euskadin

Metro Bilbaoren 5. lineako obrei dagokienez, (metroa Galdakaoko Ospitaleraino eramango du), Arriolak gogorarazi du Patxi Lopezen garaitik diseinatuta zegoela, eta gauzatu ahal izateko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean akordioa lortu dela.

Metroaren 4. lineaz, berriz, aitortu du, oraindik beste etapa batean dagoela: "Nahi izango bagenu ere, ezingo genuke hasi. Euskadiko Abiadura Handiko Trenari buruz sailburuak gogorarazi du akordio garrantzitsua lortu dela AHTa Gasteizera eta Bilbora sartzeko.

Azkenik, eta Pablo Casado bizitzen ari den egoeraren aurrean, Arriolak esan du espero duela egoera lehenbailehen konpontzea: "Tristea da Pablo Casadoren bakardadea, krudela da politika batzuetan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba EAE albisteak Metro Bilbao albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea AHT Euskadi Etxebizitza gaur