Politika -

Euskadi Irratia

Zabalzaren sendiak ez du uste biktimen legearen aitortzak "egia judiziala" lortzeko ateak irekiko dituenik

"Aitortza nahi dugu, baina jakin nahi dugu zer gertatu zen, non egon zen Mikel hogei egun horietan zehar, nortzuk parte hartu zuten", esan du Idoia Zabalza arrebak.

Mikel Zabalzari omenaldia. Argazkia: EFE
Mikel Zabalzari omenaldia.
Mikel Zabalzari omenaldia. Argazkia: EFE

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Zabalza pozik agertu da Eusko Jaurlaritzak Guardia Zibilak hildako Mikel Zabalza anaia biktima bezala aitortzeagatik, baina gogorarazi du Euskadi Irratiko 'Faktoria'n egindako elkarrizketan oraindik badirela "lortu nahi genituzkeen beste gauza batzuk".

Zabalzaren familiak azaldu du biktimek behar dutena "egia, justizia eta erreparazioa" dela. Zentzu horretan, hirugarrena lortu dute, baina ez beste biak. "Aitortza nahi dugu, baina jakin nahi dugu zer gertatu zen hor, non egon zen Mikel hogei egun horietan zehar, nortzuk parte hartu zuten… Badira egia osoa jakiteko argitu beharreko gauzak, zulo pilo bat", esan du Zabalzaren arrebak.

Mikel Zabalzaren gurasoak inolako aitortzarik jaso gabe hil ziren, "min horrekin". "Bere semearen gainean eraikitako gezur horrek eragindako minarekin joan ziren", esan du arrebak. Orain lortutako aitortza ofiziala "aringarri garrantzitsu" bat litzateke haientzat.

Arrebak onartu du Mikelen tortura eta hilketa estali zituen Guardia Zibilaren bertsioan badirela "erori diren pieza batzuk", baina oraindik badirela beste asko erortzeke: "Eroriko balira, ikusiko genuke defendatzen ari diren hori guztia, hau da, torturak salbuespena izan zirela" ez dela egiazkoa, eta agerian geratuko litzateke "kuarteletan egindako guztiaren dimentsioa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Bakea Euskadin Euskadi Irratia Polizia abusuen kasuak