Politika -

46. urteurrena

Martxoak 3 elkarteak eta CEAQUAk justizia lortzeko eta inpunitatearen aurka borrokan jarraitzea eskatu dute

Jacinto Lara Argentinako Kereilaren abokatuak ziurtatu du Martin Villaren kontrako prozesua ez dela artxibatu eta ez dela artxibatuko. Martxoak 3 elkarteak babesa eskertu du, eta 46. urteurreneko jardueratan parte hartzera deitu du.

Martxoak 3 elkarteko ordezkariak Jacinto Lara abokatuarekin.
Martxoak 3 elkarteko ordezkariak Jacinto Lara abokatuarekin.
Martxoak 3 elkarteko ordezkariak Jacinto Lara abokatuarekin.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegunean, martxoak 3, Gasteizko sarraskiak 46 urte beteko ditu. Urteurrenak CEAQUA (Argentinako Kereila Babesteko Estatuko Koordinadora) osatzen duten plataforma ezberdinen babesa izango du aurten. Andoni Txasko eta Nerea Martinez Aranburuzabala Martxoak 3 elkarteko bozeramaileek agerraldia egin dute Jacinto Lara Argentinako Kereilaren abokatuarekin batera.

Argentinako Kereilaren eta Rodolfo Martin Villaren auzipetze egoera azaldu du Larak. Abokatuaren hitzetan, Argentinako Kereilak inflexio-puntu bat markatu du Estatuko indarkeriaren inpunitatearen aurka, Martin Villa auzitara eramateko prozesu judiziala garatu duelako.

Lararen ahotan, ebazpena "Espainiako bidegabekeriaren eta inpunitatearen aurkako borrokan pausorik garrantzitsuena izan da hamarkadetan". Nahiz eta aste batzuk geroago Argentinako Apelazio Ganberak auzipetzea atzera bota froga faltagatik, gaur Martin Villak inputaturik jarraitzen du.

Abokatuak ziurtatu du Martin Villaren kontrako prozesua ez dela artxibatu eta ez dela artxibatuko; aurkeztutako kasazio-helegitearen emaitza bata ala bestea izan.

Hala ere, Espainiako Estatuaren inpunitate eredua deitoratu du Larak, Nazioarteko Eskubide krimenen ikerketa eta auzipetzea eragozten duelako, hala nola, diktadura frankistan eta Trantsizio prozesu politikoan zehar egindako gizateriaren aurkako krimenak. Horregatik, ikerketak ahalbidetzeko beharrezko lege aldaketak aurrera eramatea eskatu die indar politikoei.

Nerea Martinez Aranburuzabalak, elkartearen izenean, Gasteizko herriaren elkartasuna azpimarratu du bide luze honetan. Era berean, urruneko tokietatik iritsi den babesa eta konpromisoa, horri esker, "Gasteizko sarraskia gertakari bakana ez dela erakutsiko dugu, Estatuko indarkeriaren inpunitate eta errepresio estrategia sistematiko eta estrukturalaren icebergaren tontorra baizik".

"Estatuko aparatuek bidegabekeria harresi bat eraiki dute, baina baliabide guztiekin arrakala zabaltzen saiatuko gara lotsa demokratikoaren harresian", salatu du Martxoak 3 elkarteak.

Andoni Txaskok Las Campanas dela Conciencia eskultura eman dio Jacinto Larari, Martxoak 3 elkarteak entregatzen duen zortzigarrena. "Egia, justizia eta erreparazioaren aldeko borroka luze honetan ekarpena egiten eta laguntzen duten pertsonei" ematen jarraituko dute aldian-aldian.

Azkenik, 46. urteurrenerako antolatu dituzten jardueratan eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du elkarteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Martxoak 3 Frankismoa Memoria Historikoa Giza eskubideak Gasteiz albisteak Buenos Airesko albisteak Polizia abusuen kasuak