Politika -
Ukrainako gerra
EAEko klusterrak bihar bilduko dira gerraren ondorio ekonomikoak aztertzeko, lehendakariak iragarri duenez
Iñigo Urkulluk "ankerkeriatzat" jo du gertatzen ari dena eta "Europa batuta" egotearen beharra nabarmendu du. Espainiako politika hizpide, eta Feijook zuzen dezakeen PP horri buruz, lehendakariak espero du EAEko "autogobernu bereziarekiko irekiago" jardutea.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, bihar Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kluster garrantzitsuenak bilduko dira Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoak aztertzeko. "Gertatzen ari dena ankerkeria da, nazioarteko legediaren hauste bat da, baita giza eskubideen urraketa ere", salatu du.
Gatazkak kaltetutako enpresei zuzendutako laguntzak aztertuko dituztela ere nabarmendu du. "Ez gara gas edo lehengaien hartzaile zuzenak, baina eragiten digu; batez ere, autogintza sektoreari edo gasa eta petrolioaren arloari", azaldu du. Eusko Jaurlaritzak hirugarren sektorearekin prestatu duen errefuxiatuak artatzeko planari buruz, Euskadik arlo horretan "aurreko gertakari dramatikoetan, Balkanetako gerran esaterako, metatutako eskarmentua" baduela esan du lehendakariak Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan, eta horixe aplikatuko duela oraingoan ere.
"Atzo arlo eta sail ezberdinen arteko bilera izan genuen, eta hainbat eremutatik lantzea adostu. Harrera egiteaz gain, Euskadin gizarteratu behar ditugu, euren osasuna, hezkuntza, etxebizitza bermatu behar ditugu", azaldu du.
Gai politikoak ahotan, eta PPren krisiaz eta Casadoren agurraz galdetuta, lehendakariak aitortu du baduela "harreman instituzional, politiko eta pertsonala" Alberto Nuñez Feijoo PPko burua izateko hautagaia izan daitekeenarekin. Horren ildoan, espero du PP berri hori "irekiago" jardutea "Euskadik duen autogobernu bereziarekin". Gogorarazi duenez, autogobernu hori Konstituzioak eta Gernikako Estatutuak aitortua dago.
Azkenik, Osakidetzan dagoen lan gatazkaz eta bi greba egunez galdetuta esan duenez, "ostiralean langileen % 70ek lan egin zuten, eta astelehenean, % 90ek, sindikatuek emandako informazio interesatuak gorabehera". Horren hitzetan, "osasun arloan ez da murrizketarik egon", eta Osakidetzaren mahai sektoriala da gobernuak eta sindikatuek euren proposamenak plazaratzeko foroa.