Politika -

Mikel Zabalza

Epaitegiek eskatzen badute, Gobernuak Zabalzari buruzko dokumentuak desklasifikatuko dituela esan du Sanchezek

Aitor Esteban EAJko diputatuak Espainiako Gobernuko presidenteari gogorarazi dio Mikel Zabalzaren auzia "behar bezalako oinarririk gabe" itxi zela Administrazioak uko egin ziolako dokumentuok erakusteari.

Mikel Zabalzari omenaldia. Artxiboko irudia: EFE
Mikel Zabalzari omenaldia.
Sanchez: ''Agintari judizialak eskatuz gero, Mikel Zabalzaren inguruko dokumentuak desklasifikatuko ditugu''

4:07

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan du, epaitegiek eskatzen badute, Mikel Zabalzari buruzko dokumentuak desklasifikatuko dituela. Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko indarkeriaren biktima bezala onartu berri du Zabalza.

"Espainia bezalako Zuzenbide Estatu batean, onarpen hori eman bazaio, agintari judizialen partetik ere ondorioren bat izan behar du. Ez izan zalantzarik, hori gertatuko da", erantzun dio Sanchezek Aitor Esteban EAJko diputatuak egindako galdera bati, Diputatuen Kongresuko kontrol saioan.

Jeltzaleak Sanchezi gogorarazi dionez, bere Gobernua "Memoria Demokratikoaren legeagatik harro agertzen da" eta "sekretu ofizialen lege bat egingo dela agintzen du", eta Mikel Zabalzaren kasua "behar bezalako oinarririk gabe" itxi zuten epaitegiek Administrazioak ez zuelako dokumenturik desklasifikatu nahi.

Nabarmendu duenez, Nafarroako Parlamentuan ere alderdi guztiak Zabalzaren heriotza ikertzearen alde agertu dira. "Oso beharrezkoa da zuek laguntzea lege frankista batek babesten dituen sekretuen gaineko estalkia altxatuz", esan dio.

Estebanek Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak egindako txostena emango dio Sanchezek. "Oso esplizitua" da, jeltzalearen arabera. Txosten horretan, biktima bezala onartzen du Zabalza, Guardia Zibilak atxilotuta zegoela hil zelako, eta ez ustezko ihesaldi batean. "Familiak egia ezagutu besterik ez du nahi. Amari Intxaurrondoko kuartelean esan ziotena ez errepikatzea eskatzen dizut; galdutako gauzen gordailuan galdetzeko esan zioten", esan du.

Ministroen Kontseiluak aurten informazio klasifikatuaren gaineko lege bat onartzeko lanean dagoela gehitu du Sanchezek. Lege horrek babes eta klasifikazio maila ezarriko eta dokumentuak desklasifikatzeko epeak zehaztuko omen ditu.

EH Bilduren arabera, heriotza argitzea ez litzateke epaitegien esku utzi beharko

Bel Pozueta EH Bilduko diputatuaren arabera, dokumentu ofizialen desklasifikazioa eta Zabalzaren heriotza argitzeko ardura epaitegien esku uzteak "ez dakar inolako aurrerapausorik", erantzuleen inpunitatea eta erreparazio falta "Justiziak esku ez hartzearen ondorio zuzena" direlako. "Ezerk ez du pentsarazten orain beste era batera jardungo duenik", esan du.

Koalizio abertzalearen aburuz, "azken hamarkadetan agerian geratu da Justizia ez dela irtenbidea", Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zutela "baieztatzen" duten Guardia Zibilaren bi karguren arteko elkarrizketa baten audioak egon arren, auzia itxi egin zutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Memoria Historikoa Polizia abusuen biktimak Espainiako Informazio Sailkatuari buruzko azken albisteak