Politika -

ukrainako gerra

Ukrainan "bide diplomatikoa" bultzatzeko eskatu du EH Bilduk

Alderdi abertzaleak adierazpen bat aurkeztu du Gernikan eta, besteak beste, eskatu dute gerra ez dadila gehiengoa pobretuko duen "aitzakia" bihurtu.

Mertxe Aizpurua, Gernikan egindako agerpenean. Argazkia: EH Bildu
Mertxe Aizpurua, Gernikan egindako agerpenean. Argazkia: EH Bildu
Mertxe Aizpurua, Gernikan egindako agerpenean. Argazkia: EH Bildu

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainan "bide diplomatikoa" bultzatzeko eskatu du EH Bilduk, eta gerra ez dadila gehiengoa pobretuko duen "aitzakia" bihurtu. "Politika publiko askotan biraketa kopernikarra beharrezkoa da, eta abian diren inbertsioen birebaluazioa", adierazi du.

Pernando Barrena eurodiputatu abertzaleak eta Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramaileak Ukrainako gerrari buruzko adierazpena aurkeztu dute larunbat honetan Gernikan. Bertan adierazi dutenez, "gertakari lazgarrien" testuinguru batean murgilduta bizi gara, eta "gizateriaren segurtasun falta eta kezka sentsazioak areagotu baino ez dira egiten ari".

Baietsi dutenez, urteak dira "euskal ezker independentistak argi adierazten duela" egungo sistema ekonomiko neoliberala gizateria osoa "amildegiaren ertzera" eramaten ari dela. Gehiengo herritar zabalen gainetik, "bakar batzuen interesen defentsan" eraikitzen den sistema ekonomikoa dela diote.

Logika neoliberal horrek, borroka inperialistek zeharkatuta, borroka taula geopolitiko batera garamatza, merkatuen, eragin-esparruen eta planetako baliabideen aberastasunaren kontrola lortzeko helburuz", gaineratu dute.

Euren aburuz, Ez da "itxaropen ezan" hondoratzeko unea; aitzitik, "egungo zentzugabekeria geldiaraziko duten dinamikak abiarazi behar ditugu, giza eskalako eredu ekonomiko eta politikora hurbilduko gaituzten logikak ezartzeko".

Inbasioa berehala gelditzeko eskatu ostean, alderdi abertzaleak ohartarazi du Ukrainar herriak ez duela bere herrialdea utzi behar, "bai ordea errusiar indarrek Ukrainako lurraldea".

Alderdiarentzat, armak bidaltzea ez da neurri aproposa, "ondorio tragikoagoak areagotzeaz gain, eskala handiko gatazka baten benetako arriskua ere sustatu baitezake". Hala, gogorarazi dute "Euskal Herriak duela 36 urte NATOn sartzeari uko egin" ziola.

Gainera, ohartarazi dute gainjarritako krisi ugarik markatutako testuinguru ekonomikoan sartzen ari garela, "baliabide-eskasiaren aroan". "Gerrako ekonomiaz hitz egiten digute, sakrifizio saihestezinak argudiatuz, konpainia elektriko handiek onura izugarriak dituzten bitartean, gerraren ondorioez baliatuz eta biztanleriaren pobretze masiboa eraginez. Gerrako ekonomiaren aurrean bakearen ekonomia aldarrikatzen dugu", erantsi dute.

Hori dela eta, adierazi dute egoera horrek "lehentasunak ezartzera eta baliabideen esleipena birpentsatzera behartu" behar dituela administrazio publikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Herriak eta Hiriak Ukraina azken orduko Bizkaiko albisteak EAE Errusia berriak Gernika-Lumo albisteak EH Bildu Araba Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur