Politika -

Korsika

Yvan Colonna hil egin da, hilabete hasieran beste preso batek egindako erasoaren ondorioz

Martxoaren 17an Frantziako Justiziak zigorra eten zion osasun arrazoiengatik. Beste preso batek eraso egin zion martxoaren 2an, Arleseko espetxean.

Ivan Colonnaren kartel bat Korsikako saltoki batean. Irudia: EiTB Media.
Ivan Colonnaren kartel bat Korsikako saltoki batean. Irudia: EiTB Media.
Ivan Colonnaren kartel bat Korsikako saltoki batean. Irudia: EiTB Media.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yvan Colonna Korsikako preso ohia hil egin da gaur, familiaren abokatuak BFM TVri jakitera eman dionez. Colonna koman zegoen, beste preso batek espetxean eraso egin ondoren.

61 urteko Colonna Marseillako ospitalean zegoen oso larri. Korsikako presoari biziarteko espetxe-zigorra ezarri zioten, 1998an Claude Erignac prefeta, Frantziako Estatuak uhartean duen ordezkari nagusia, hiltzea egotzita. Martxoaren 17an Frantziako Justiziak zigorra eten zion osasun arrazoiengatik.

Beste preso batek eraso egin zion martxoaren 2an, Arleseko espetxean. BFM TVren arabera, erasotzailea jihadista ohi bat izan da, eta terrorismoa leporatu diote.

Colonna eskuekin ito zuen, eta burmuinaren oxigeno faltak koman sartzea eragin zion, Laurent Gumbau Tarascon hiriko fiskalak zehaztu zuenez.

Arleseko espetxean Colonna gainerako presoengatik nahikoa ez babestea leporatu diote Korsikako agintariek Frantziako Estatuari, erakundeen utzikeria salatuz. Colonnaren erasotzaile islamistari terrorismoa egotzi diote.

Erasoak protesta oldea piztu zuen Korsikan. Dozenaka manifestari eta polizia zauritu ziren istiluetan.

Bi asteko mobilizazioen ostean, Mediterraneoko uhartea lasaitasunera itzuli delako zoriondu zen Frantziako Gobernua. Egonkortasunak jarraitzen baldin badu, eskumenak eta preso korsikarren senideen eskakizunak aztertuko dituztela esan zuen Eliseok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Espetxe politika Frantziako Gobernua