Politika -

'Langraizko bidetik' jaioa

Espainiako Gobernuak ETAko presoak gizarteratzeko plana abiatu du

Plana GRAPOri, talde jihadistei eta krimen antolatuko taldeetako kideei ere zuzendutadago. Programak bertan parte hartzen duten presoak "gerturatzeko" aukera jasotzen du.

Jorge Fernandez Diaz, Espainiako Barne ministroa. EFE
Jorge Fernandez Diaz, Espainiako Barne ministroa. EFE
ETAko presoak birgizarteratzeko plana abiatu du Espainiako Gobernuak

02:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Barne Ministerioak terrorismo-delituak egin dituzten presoentzako plan oso bat martxan jarri du. Programa ez dago ETAko presoei bakarrik zuzenduta; GRAPOkoei, talde jihadistetakoei eta krimen antolatuko taldeetakoei begira ere egin dute. Helburua gizarteratzea erraztea eta kartzeletan erradikaliza daitezela saihestea da.

Espetxeetatik jakitera emandakoaren arabera, "Langraizko bidea" da programaren jatorria, "baina anbizio handiagoa dauka". Programa osatzen duten ekimenek terroristek eta erakunde kriminaletako kideek errealitate soziala ezagutzea eta euren iraganaren inguruko hausnarketa egitea bultzatzen dute, gizarte demokratikoan integratzeko pausoak eman ditzaten.

Bizikidetza-baloreen eskolak

Programan parte hartzea erabakitzen duten presoek bizikidetza-baloreen inguruko eskolak jasoko dituzte, aske geratzen direnerako lana aurkitzeko informazioa jaso ahal izango dute.

Halaber, euren bizilekuetatik gertu dauden espetxeetara joateko aukera ere izango dute; hala ere, "hurbiltze automatikoak" baztertuta daudela azpimarratu dute.

"Presoei gizarte demokratikoarentzat ezinbestekoak diren jarrera eta portaerak erakustea da helburua", esan dute iturriek. Horien arabera, planak "Langraizko bidea" delakoarekin hasitakoa "sistematizatu eta osatu" egiten du. "Langraizko bidea"k herri horretako kartzelatik hartzen du izena, bertako espetxean bildu baitzituzten ETArengandik aldendu ziren 20 bat preso.

Planak ez ditu, hala ere, baldintzak arinduko; izan ere, lehen betebeharrak dio birgizarteratzeko prozesuan sartzeko eskaera egin behar duela presoak, eta, hori egin ahal izateko, aldez aurretik indarkeriari uko egin diola eta erakunde kriminaleko kide izateari utzi diola frogatu beharko du.

Presoak elkartzea

Gizarteratze Planarekin bat egiten duten ETAko presoak elkartzea aurreikusten du egitasmoak, eta Euskal Herriko "kartzelek lehentasuna" izango dute, Barne Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez.

"Plan hau terrorismoarekin lotutako presoak dituzten kartzela guztietan egingo da eta ETAko presoen kasuan Euskal Herriko kartzeletan egiteari emango zaio lehentasuna, baina posible da bertan egin beharrean inguruko kartzeletan egitea, egitasmoarekin bat egin duten presoen ezaugarrien arabera", zehaztu dute iturriek.

Helburua "zigortuak ardura bere gain hartzea, indarkeria praktikatzera eraman zuten ideiak gainditzea, eta herritarren askatasunarekiko eta bizitzarekiko errespetua eta gizalegezko balioak bereganatzea" omen da. Dena dela, horrez gain, badaude "betebehar legal batzuk": "Biktimei barkamena eskatzea, kaltea konpontzea eta, egindako delituen eragina murrizteko, agintariekin kolaboratzea".

"Epeka"

Egitasmoa "epeka" gauzatuko da, eta bide horretan, "egiaztatu egingo da presoak izan duen garapena eta esaten dituenen eta egiten dituenen arteko koherentzia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea