Politika -

Autogobernua

Nafarroako Gobernuaren esku egongo da bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketa, urriaren 1etik aurrera

Maria Chivite Nafarroako Gobernuako presidenteak azpimarratu du "herritarrei zuzendutako zerbitzuak hobetzeko" beste urrats bat eman dutela. Ekimenak talde parlamentario guztien babesa dauka.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Isabel Rodriguez ministroa. Argazkia: EFE
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Isabel Rodriguez ministroa. Argazkia: EFE
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Isabel Rodriguez ministroa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren kudeaketaren eskumena Nafarroako Gobernuaren esku egongo datorren urriaren 1etik aurrera. Foru Erkidegoko eta Espainiako gobernuek ostegun honetan egin dute akordioa.

Egun horretatik aurrera, Nafarroako Eskubide Sozialen departamentuaren bere gain hartuko ditu egun Espainiako Gizarte Segurantzaren Institutuak betetzen dituen eginkizunak, besteak beste, herritarrei laguntza horri buruzko informazioa ematea, eskariak tramitatzea, ordainketak egitea eta espedienteak kontrolatzea.

Bi gobernuek egindako itunak Nafarroako Parlamentuko talde guztien babesa dauka. Maria Chivitek adierazi du kohesio soziala bermatzeko "neurri handia" dela eta azpimarratu du "herritarrei zuzendutako zerbitzuak hobetzeko" beste urrats bat eman dutela.

Halaber, ezinbestekotzat jo du "arrakalak ekiditeko" neurriak hartzea, are gehiago orain, munduan bizi den egoera larria kontuan hartuta.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak horrelako tresnak kudeatzeko erakutsi duen eraginkortasuna nabarmendu du eta iragarri du bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jaso duten herritarren % 40k lan-kontratua lortu zutela iaz.

Ildo berean, agindu du laguntza hori jasotzen duten pertsonen inklusio sozialerako programa berri bat jarriko dutela martxan.  

Bestalde, Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroak esan du aurrez egindako lanaren ondorio eta "ko-gobernantzaren erakusgarri" dela gaurko ituna. "Nafarroa aurretik joan da eta Espainiako Gobernuarentzat eredu izan diren hainbat neurri jarri ditu indarrean", azpimarratu du.  

Ukrainako gerraren ondorioz, aipatu diru-laguntza horien zenbatekoa datozen hilabeteetan -ekainera arte- % 15 handituko dituztela jakinarazi du.

"Neurri honekin 6.000 familiari eta 7.000 umeri lagunduko zaie", nabarmendu du.  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Gizarte zerbitzuak Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua María Chivite