Politika -

XX. Kongresu Nazionala

Feijook Galiziako PPko nukleo gogorra sartu du bere Batzorde Betearazlean

Aznarrek, "itxaropentsu, erreparorik gabeko" babesa adierazi dio Feijoori. Hala ere, "ezin dugu huts egin", ohartarazi du. Rajoyk gogorarazi duenez, bere alderdiak "batasunari eutsi behar" dio. Rajoyren hitzetan, batasun hori mantentzea "guztien erantzukizuna da".

Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularra zuzentzeko hautagai bakarrak. Argazkia: EFE
Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularra zuzentzeko hautagai bakarrak. Argazkia: EFE
Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularra zuzentzeko hautagai bakarrak. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidente eta Alderdi Popularra zuzentzeko hautagai bakarrak Galiziako PPko nukleo gogorreko kideak izango ditu bere Batzorde Betearazlean, Diego Calvo Coruñako PPko presidente probintziala, Parlamentu autonomikoan presidenteorde ere badena, izango delarik Genovako Hauteskunde Batzordeko presidentea.

Hala aurreratu du Feijook, PP Sevillan egiten ari den XX. Kongresuan. Gainera, Manuel Fraga, Antonio Hernandez Mancha, Jose Maria Aznar, Mariano Rajoy eta Pablo Casado alderdiko presidente guztiak laudatu ditu.

Pablo Casadori eskerrak eman dizkio, "zailtasun handiko bide tarteetan PPren banderari eusteagatik". Gaur bandera hori "eskuzabaltasun esfortzu ikaragarri batekin" entregatzen duela erantsi du Feijook.

Konpromisarioei bihar bere hautagaitza bozkatzera joateko eskatu ondoren, "gaur ezer ez da hasten", adierazi du Feijook, "Espainiako Alderdi Popularraren historia handiak" jarraitzen du.

Horrela hasi da PPren XX. Kongresu Nazionala Sevillan, Alberto Nuñez Feijook Pablo Casadoren tokia hartuko duen batzarra. Gaur bertan izan da presidentearen agurra, eta Kongresua eragin duen krisiaren protagonistak, Isabel Diaz Ayusok, ere hartu du hitza.

"Ongi egingo dugu" lelopean, liskarrek sortutako zauriak josi nahi dituzte, eta PP Gobernurako aukera izan dadila aldarrikatu.

Kokaleku berean, Sevillan, 1990eko Kongresua izan du oinarri PPk aurtengoa antolatzeko. Orduan, alderdiaren birfundazioa izan zen, eta agintea Jose Maria Aznarren eskuetan geratu zen. Orain, alderdia berrabiarazi nahi dute, "batasun eta aniztasun" irudia emanez.

Kongresuaren aurkezpenean, Esteban Gonzalez Pons batzorde antolatzailearen presidenteak berretsi du alderdia "berrabiarazteko" garaia dela, eta Espainia "berreskuratzekoa".

"Gezurretan ariko nintzateke bidea erraza izan dela esango banu. Aro berri bat irekiko dugu gaur, birsorkuntza bat da, baina berrabiarazte bat da ia", adierazi du eurodiputatuak Sevillako Kongresu Jauregian, 3.100 konpromisarioren aurrean. 

Pablo Casadoren agurra

Kongresuaren lehenengo egunean arreta piztuko duen gai nagusietako bat Feijoo inguratuko duen lantaldea izango da, ostegunean idazkari nagusia Cuca Gamarra izango dela iragarri ostean; eta interes handia piztu du Pablo Casadoren agurrak ere.

PPko presidentea izateari utziko dion Casadok iragarri duenez, Diputatuen Kongresuko eserlekua lagako du, eta alderdian edozein erantzukizun hartzeari uko egiten dio. Alderdi barruan lanean jarraitzea eskaini izana eskertu dio Alberto Nuñez Feijoo ordezkoari, baina aukera hori baztertzea erabaki du.

Bestalde, bere agintaldian zehar utzitako ondarea aldarrikatu du Casadok, "alternatiba fidagarri eta sinesgarria" eraiki duelako, eta orain Feijoori "Moncloaren atarian" dagoen Alderdi Popularra emango diolako. "Merezi izandako guztian berretsi nahi dut, eta edozein zauri espainiarren alde lan egitearen ondorioa da", azpimarratu du.

Congreso del PP en Sevilla. Foto: EFE

Cuca Gamarra

Arratsaldeko lehen orduan, Cuca Gamarrak, egungo koordinatzaile nagusiak, aurkeztu du orain arteko zuzendaritzaren txostena; izan ere, Teodoro Garcia Egea idazkari nagusi ohiak dimisioa eman zuen.

Cuca Gamarrak esan du alderdia azkar eta batuta atera dela krisitik, eta orain orrialde berri bat zabaldu duela, baina ez du sakondu Pablo Casadoren irteera eragin duten arrazoietan.

Casadoren zuzendaritzako kide izan zenak esan du "esker onez" itxi dutela aroa, "guztiek egindako lan ausartagatik, nekaezinagatik eta eskuzabalagatik".

"Alderdi baten historian orrialde guztiak dira garrantzitsuak eta ezinbestekoak, eta azkeneko kongresutik igarotakoak ere badira. Orain orrialde berri bat dugu aurrean, etorkizunerako proiektu bat, etorkizuna eta helburu argia dituena: Espainia eta espainiarrak. Ezin dugu denborarik galdu", azpimarratu du.

PPren hurrengo idazkari nagusi izango denak azaldu duenez, "hilabete eskasean" lortu dute alderdiaren "zailtasun handienetako bat" gainditzea, eta orain alderdi "batua" dute "leialtasunagatik, indarragatik eta konpromisoagatik".

Gamarrak beste alderdi batzuekin egindako akordioak aipatu ditu, eta Gaztela eta Leongo Gobernurako Voxekin egindakoa goraipatu du. Izan ere, argudiatu du PPk badituela marra gorriak: Konstituzioa eta bere printzipioak.

Kudeaketa txostenari dagokionez, kontrako boto bakarra jaso du. Hauteskunde emaitzengatik 9 milioi euro gutxiago jaso dituztela aipatu du, eta diru-sarrera pribatuen kasuan beherakada 900.000 eurokoa izan dela. 2017 eta 2022 artean gastua 11 milioi murriztea lortu omen dute, eta 12 afiliatu kanporatu eta zazpi berriro onartu.

Ondoren, PPren buruzagi berriak, Xuntako presidente gisa, erkidegoetako presidente popularren (Andaluzia, Madril, Gaztela eta Leon, Murtzia eta Ceuta) mahai-ingurua zuzendu du, eta azpimarratu du "ona" dela erkidegoetako presidenteei "ahotsa ematea", baina "Espainia osoan diskurtso bakar bat" edukitzearekin batera.

Madrilgo Erkidegoko presidentearen hitzartzea da ikusmin handiena sortu duena, baina hor dago Alfonso Fernandez Mañuecorena ere, Gaztela eta Leongo Gobernuak lehenengo PP eta Voxen koalizioa egingo duenarena.

Diaz Ayusok ohartarazi du PP ez dela Sevillan elkartu Kongresua irabazteko soilik, "baizik eta hauteskundeak irabazteko". Horregatik eman omen diote konfiantza Feijoori eta bere proiektuari: "Espainiarrak begira ditugu, ezin diegu huts egin".

Iturgaiz

Bestalde, PPren EAEko presidenteak ziur adierazi du Feijoo Moncloara iritsiko dela eta bertatik "amaiera" emango diola "nahitaezko nazionalismoari, Euskadi galbidetik aterako duela eta berriro Espainiaren lokomotora bihurtuko duela".

Iturgaizek Pedro Sanchez Espainiako Gobernutik kentzeko premia defendatu du: "Popularrok oso ardura handia dugu Kongresu honetan: espainiarrei alternatiba bat ematea".

EAEko PPk Feijooren "beharra" omen du proiektua "Indartzeko", "nahitaezko nazionalismoaren alternatiba zedarritzeko", eta "Bilduko proetarren eskutik" estatus berrirantz "abiada hartzea" galarazteko.

Espainiako Gobernuko bi presidente ohien txanda

Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiak, "itxaropentsu, erreparorik gabeko" babesa adierazi dio Feijoori. Haren "arrakasta guztiena" izango dela esan du. Hala ere, "ezin dugu huts egin", ohartarazi du.

Covidak jota, Aznar ez da Sevillan izan, baina modu telematikoan parte hartu du biltzarrean. 1990ko kongresua gogora ekarri du agintari ohiak; orduan, Manuel Fraga PPko buruzagi historikoak lekukoa eman zion, Alderdi Popular berrantolatu bat Moncloara eramateko.

Mariano Rajoy PPko bigarren gobernuburu ohiak gogorarazi duenez, bere alderdiak "batasunari eutsi behar" dio. Rajoyren hitzetan, batasun hori mantentzea "guztien erantzukizuna da", lehendabizi buruzagiarena, "militanteen konfiantza irabazi behar duelako", baina baita "gainerako guztiena" ere.

Rajoyren ahotan, PP "Gobernu alderdi" bat da, horregatik "ezin du barne zorigaitzetan segundo bakar bat ere gehiago galdu", eta esfortzu guztiak "alternatiba sinesgarri" bat sendotzera bideratu behar ditu.

Larunbatean Feijoo izendatuko dute, eta igandean Gamarra

Bihar izango da, hain zuzen ere, Feijoo presidente aukeratzeko bozketa, eta bertan egongo dira Manfred Weber Europako PPko presidentea eta Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordea, besteak beste.

Gainera, Juanma Moreno Andaluziako Juntako presidenteak, batzarraren anfitrioiak, ere hartuko du hitza, eta Feijooren hitzartzeak itxiko du batzarra larunbatean.

Hala ere, igandean amaituko da ekitaldia, eta bertan egingo dute ofizial Gamarra idazkari nagusiaren postuan.

PPdeG ardatz duen Batzorde Betearazlea

Diego Calvo Coruñako PPko presidenteaz gain, Feijook aurreratu du Manuel Baltar Ourenseko PPko presidentea ere izango dela bere Batzordean; Pontevedrako PPko Alfonso Ruedarekin batera, Xuntako lehen presidenteorde ere badena; eta Elena Candia Lugoko PPko presidentearekin batera.

Presidenteak izendatutako beste batzordekideetako bat izango da Jose Manuel Romay Beccaria Estatu Kontseiluko presidente ohia, Feijook ostiral honetan aitortu duenez, aita politikotzat jotzen duena.

Gainera, Galiziako Gobernuko presidenteak Francisco Conde bigarren presidenteordea eta Xuntako arduradun ekonomikoa sartu du Batzorde Betearazlean. Sailak zehazteke daude oraindik, baina Xuntako bi presidenteordeak egongo dira Genovako Batzordean, erreleboa formalizatu artean. "Aste batzuetan" izango da hori, izan ere, Feijook aurreikusita dauka hilabete honetan dimisioa ematea.

Pontevedrarekin lotura estua daukan Ana Pastor ministro ohia ere izango da Batzorde Betearazlean; eta Zuzendaritza Batzordean bi kontseilari izango direla aurreratu du PPko hautagaiak, Fabiola Garcia Gizarte Politiketako arduraduna eta Angeles Vazquez, Ingurumenerakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Mariano Rajoy Espainia Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Pablo Casado Blanco Carlos Iturgaiz Núñez Feijóo azken ordukoa