Politika -
EPAIA
Auzitegi Nazionalak 204.000 euroko zigorra jarri dio PPri, Gurtel saretik probetxua ateratzeagatik
Auzitegiak Alderdi Popularra zigortzen duen hirugarren aldia da. Aurrez, Gurtel auziko lehen aldiagatik eta 'B kutxa" alderdiaren Genova kaleko egoitza berritzeko erabiltzeagatik kondenatu zuen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak Alderdi Popularra 204.198,64 euro ordaintzera zigortu du, 2001 eta 2009 bitartean Gurtel sareak Boadilla del Monte udalerrian izandako irabazietatik etekinak ateratzeagatik.
Gurtel auzian PP zigortzen duten hirugarren aldia da. Aurrez, Gurtel sarearen lehen garaiagatik eta alderdiko "B kutxa" Genova kaleko egoitza berritzeko erabiltzeagatik kondenatu zuten.
Aho batez hartu du erabakia Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak. Epaia ez da irmoa, eta aldeek helegitea jar diezaiokete.
Guztira, Auzitegi Nazionalak 23 pertsona kondenatu ditu, tartean, Francisco Correa Gurtel sareko buruzagia eta honen bigarrena, Pablo Crespo. Biek ala biek, aipaturiko sarean zuten eginkizuna aitortu zigor eskaera murriztearen truke. Batak zein besteak urteak daramatzate espetxean Gurtel auziko beste atal batzuengatik. Oraingoan, 13 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diete.
Gainera, Auzitegi Nazionalak 36 urte eta 11 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Arturo Gonzalez Panero Boadilla del Monteko alkate ohiari El Albondiguilla ezizenaz ezaguna denari.
Gurtelen lehen garaiko epaian oinarritu da Auzitegi Nazionala Gurtel sareak Boadilla del Monten nola jarduten zuen deskribatzeko. Epaiaren arabera, komisioen truke Francisco Correaren enpresek udalean kontratuak lortzen zituzten. Ondoren, komisioetatik jasotako dirua alderdiaren ekitaldiak eta gastuak ordaintzeko baliatzen zuen PPk.