Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Aizpuruak, Bilbon agertutako pintaketez: "Erabat mingarriak dira, arbuiagarria eta penagarria da"
Espainiako Gobernuak saharar herriari egindako "traizioa" salatu du, bestalde, EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak, eta ohartarazi du "ondorioak" izango dituela erabakiak.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, Bilbon errefuxiatuentzako bi aterpetxetan eta kale batean agertutako pintaketak "erabat mingarriak dira", eta "gerra batetik ihesi doan jendeari egindako erasoa arbuiagarria eta penagarria" dela erantsi du.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan asteburuan Bizkaiko hiriburuan Errusiaren alde agertutako pintaketak hartu ditu ahotan diputatu subiranistak.
Saharako auzia hizpide, salatu du Espainiako Gobernuak ez diola "inori aldaketaren inolako azalpenik eman" eta "arrazoi ezkutuak" ez direla mahai gainean jarri. "Espainiako Gobernuak Saharako herriaren kontra egin du. Traizionatu egin du", kritikatu du, eta ohartarazi "ondorioak" izango dituela gerora ere, Aljeriarekin gasaren inguruko akordioak lortzeko orduan, esaterako.
Korrikan zehar presoen aldeko lelo eta argazkiak izan direla eta, PPk hauspotutako polemikaz galdetuta, Aizpuruak esan du euskararen aldeko lasterketa "zikindu eta itsustu" nahian dabiltzala, 10 egunetan zehar ez delako hori gailendu. "Anitza da herri hau eta horren isla da Korrika. Ni Karmele Jaioren mezuarekin geratuko naiz", erantsi du.
Frantziako hauteskundeetan Le Penek eskuratutako emaitzek gogoetarako tartea eman beharko luketela uste du EH Bilduko buruzagiak: "Egia da Ipar Euskal Herriko emaitzek beste nabardura batzuk dituztela, baina Europan barreiatzen ari den autoritarismoa hori, eskuin muturraren aldeko bozka hori, zer pentsatua eman behar dio Europako ezkerrari".
Ildo beretik, Gaztela eta Leonen, PPk Voxekin batera osatu berri den gobernuaz ere kezka agertu du. "Frantzian, Alemanian eta beste leku batzuetan hesia jartzen ari zaio ultraeskuinari, Espainian guztiz kontrakoa. PSOE bera oso epel azaldu da, eta horrek ondorioak izango ditu. Gero ez du balio esatea: 'Nola iritsi gara honaino?'", kritikatu du.
Aizpuruaren hitzetan, Voxek "jendarteak emandako aurrerapauso guztiak atzera botatzea du helburu. Euskal nazioa eta autonomia soilak ere ezabatu nahi ditu", eta Feijoori zuzendu zaio "ekintzak" horiek direla gogorarazita (hitzei baino, ekintzei erreparatzeko deia egin zuen PPren buruzagi berriak).