Politika -
errepublikaren eguna
Guda Zibilean hildako nafarrak gogoratu dituzte ehunka pertsonak, Iruñean
II. Errepublikaren urteurrena dela eta, zenbait ekitaldi egin dituzte Nafarroako udalerri desberdinetan.
agentziak | eitb media
Nafarroako hiriburuan hiru ekitaldi izan dira ostegun honetan, II. Errepublikaren urteurrenean. Senideek, alderdiek eta sindikatuek bat egin dute, frankismoak Guda Zibilean zigortu zituenen oroimenez. Beste hainbat udalerritan ere, Tuteran batik bat, antzeko ekitaldiak egin dituzte.
Ehunka pertsona izan dira Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak (AFFNA-36) antolatutako tradiziozko ekitaldian, pandemiaren ondorioz bi urte beranduago berreskuratu dutelarik.
Amaia Lerga AFFNA-36ko presidenteak hartu du hitza, gogora ekartzeko gaurkoa bezalako egun batean, apirilaren 14an, "esperantza garaia" ireki zela. "Garai berdingabea ireki zen; askatasun airea, justizia soziala eta etorkizunarekiko konfiantza ekarri zituena". Hala ere, batzuek "aurrerapena ukatu ziguten metodo krudelenekin, eta estatu kolpe baten bidez jazarpen politikoa, ideologikoa eta kulturala abiatu zituzten, genozidioa".
"Hamarkadetan zehar luzatutako isilaldiaren ostean, izugarrikeria irudia hartzen doa zifrekin", nabarmendu du Lergak. Adierazi duenez, Nafarroan 3.507 hildako, 1.086 ondasun konfiskatze eta "ihes egin behar izan zuten" 1.400 nafar izan ziren. Horiei gehitzen zaizkie "errepresio eta gizarte kontrolerako praktikak jasan zituzten" emakumeak: "sexu erasoak, ile mozteak, bazterkeria, atxiloketak".
Gainera, gogora ekarri du hobien artetik berreskuratutako 60 gorpu inguru daudela, "laborategi batean, panteoi berria noiz eraiki zain, unekoan ez baitago lekurik". Era berean, esan du 227 familiatik gora daudela "oraindik gaur egun euren senideen gorpuzkiak berreskuratzeko esperoan".
Lergak aipamen berezia egin die "gerrako haurrei"; "gosea jasan zuenei eta ihes egin behar izan zutenei", kasu askotan "zurztasun goiztiarra jasan behar izan baitzuten" eta, "gorrien seme-alaba gisa markatuta, preso edo esklabo bilakatu ziren barnetegietan edo Francoren sendategietan".
"Pertsona horiek gure aitona-amonen belaunaldia dira; beldurra bizi izan arren herri honi duintasuna itzuli dietenak, euren bizitzako istorioen bitartez. Hildakoen memoria izan dira", azpimarratu du AFFNA-36 elkarteko presidenteak.
Hala, eskatu du horiek aitortzeko, eta "erabateko erreparaziorako neurriak jasotzeko Memoria Demokratikorako Lege Proiektuan".
Era berean, agenda politikoan "biktimen familien eskaerak" ager daitezen aldarrikatu du, "sarritan gehiegi luzatzen diren" ekintza zehatzekin. Adibide gisa ipini du 2017an onartutako mozio bat, Iruñeko kartzela zaharreko atea berritzeko eskatzen zuena, edo "biktimen panteoia 2019tik beteta" egotea.
Memoria, bakezko bizikidetzarako ardatz
Maite Rocafortek, esparrutik hurbil fusilatu zuten Javier Rocaforten ilobak, ere hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie ekitaldira bertaratu diren guztiei, eta gogora ekarri ditu "nire aitonaren memoria, eta Nafarroan bidegabe eta inpunitatez zigortu zituzten beste askorena".
"Orain ez gaitu inork isilduko", nabarmendu du Rocafortek, eta mahaigainera ekarri du "hau ahaztu ez dadin eta kontatu dadin jende askok egindako lana, Parlamentuetan, udaletxeetan, liburuetan eta eskoletan". Esan duenez, memoria "ezinbesteko lanabesa da bakezko bizikidetza baten eraikuntzarantz aurrera egiteko, eta badakigu zu, aitona, ados egongo zinatekeela".
Zentzu horretan, duela zazpi urte hildako Roberto Rocafortek, Javier Rocaforten semeak, AFFNA-36rekin batera egindako lana gogorarazi du, "horrelako omenaldiak noizbait egi bilakatu zitezen". Lan horri esker, "abenduan, zure alaba Maria Angelesek ikusi ahal izan zuen nola ipini zuten zure oroimenezko plaka bat, inoiz ez itzultzeko eraman zintuzten etxean".