Politika -
Ignacio Ulloari eskutitza
Garzon: 'Estatuko segurtasun idazkariarekin beldurtzen hasita nago'
Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak adierazpen horiek egin ditu Ignacio Ulloak babesa murriztu eta blindatutako autoa kentzeko erabakia hartu duela esan eta gero.
Erredakzioa
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak Ignacio Ulloa Estatuko Segurtasun idazkaria egin du bere segurtasunaren arduradun, eta "berarekin beldurtzen hasita" dagoela adierazi du, baita "bere metodo eta jarrerarekin" ere.
Ostegun honetan El Paisek argitaratutako eskutitz ireki batean, Garzon hala mintzatu da Estatuko Segurtasun idazkariak Auzitegi Nazionaleko epaile ohiari babesa murriztu eta auto blindatua erretiratzeko hartutako erabakiaren inguruan.
Garzonen ustez, erabaki horrek bere segurtasunean "konponbiderik gabeko kalteak" eragin ditzake. Eskutitz horretan Garzonek Estatuko Segurtasun idazkariak komunikabide bati bere bizkartzain zerbitzuaren inguruan egindako adierazpenez mintzatu da eta "lotsagarritzat" jo ditu.
Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak Estatuko idazkariak bere "kontra dituen arrazoiak" zeintzuk diren ez duela ulertzen adierazi du, ez dakiela "politikoak, ideologikoak edota bestelakoak" diren esan du eta Barne Ministerioko ordezkari bakar batek ere bizkartzaina kendu diotela adierazi ez izana kritikatu du.
"Sail horretako arrazoiak zeintzuk diren jakiten saiatu naiz, Polizia arduradunei eskatuz, eta segurtasun zerbitzua bere aginduz kendu zutela adierazi zidaten, baina inork ez dit horren arrazoiaren berri eman", ziurtatu du Garzonek.