Politika -

Espioitza politikoa

Aragonesek ohartarazi duenez, espioitzak Espainiako Gobernuarekin duen harremanari "kalte" egingo dio

Generalitatearen arabera, Aragonesen telefono mugikorra 2020ko urtarrilean jasotako mezuen bidez infektatu zuten, Sanchezen inbestidura aurrera ateratzeko negoziazioen garaian.

Pere Aragones Generalitateko presidentea.
Pere Aragones Generalitateko presidentea.
Pegasusen espioitza ikertzen ez badu, Espainiako Gobernuarekiko harremanak izoztuko dituela esan du Aragonesek

2:50

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pere Aragones Generalitateko presidenteak ohartarazi duenez, ustezko espioitzak Kataluniako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harreman politikoari "kalte" egingo dio. "Harreman politikoen normaltasuna ezin da berreskuratu", adierazi du.

Generalitateko jauregian prentsaurrekoa eman du Aragonesek, Kataluniako Gobernuak ezohiko bilera egin ondoren. 63 buruzagi independentista Pegasus ziber espioitza sistemaren biktimak izan dira, The New Yorker hedabideak The Citizen Lab laborategiaren datuak bilduta jakitera eman duenez.

Jordi Puignero Generalitateko presidenteordeak salatu du Espainia dagoeneko ez dela erabateko demokrazia bat. Europaren gutxieneko estandarrak ez betetzeko bidean dagoen demokrazia dela uste du. "Horregatik, Kataluniako Gobernuak Estatu errepresiogilearekin ez ditu harremanak normalizatuko", erantsi du.

"Harreman politikoen normaltasuna ezin da berreskuratu"

"Ikuskaritza independente baten bidez barne ikerketa bat lehenbailehen" abiatzeko eskatu dio Aragonesek Espainiako Exekutiboari, ustezko espioitzaren erantzukizunak argitzeko. Hori gertatzen ez den bitartean, harreman politikoari eragingo dio, elkarrizketa mahaian eta aldebiko batzordean esaterako, gaineratu duenez.

"Espioitza auziak, eta Espainiako Gobernuak horri aurre egiteko moduak, ondorio politiko garrantzitsuak berehala izan ditzakeela begi-bistakoa da", esan du Kataluniako buruzagiak. Espainiako Exekutiboari gardentasuna eskatu dio, auziak konfiantza urratu duelako.

Kataluniako presidentearen arabera, ustezko espioitzaren berri izan ondoren, "konfiantza oso txikia da". Konfiantza berreskuratzeko, Espainiako Gobernuak erantzukizunak onartu behar dituela uste du.

Bi saiakera

Kataluniako buruzagiaren hitzetan, bere telefono mugikorra kutsatzeko bi saiakera izan ziren: 2019ko urriaren 14an, Auzitegi Gorenak prozesu independentistaren inguruko sententzia argitara eman ondoren, eta 2020ko urtarrilean, Pedro Sanchezen inbestidura aurrera ateratzeko negoziazioan eta elkarrizketan murgildurik zeudenean.

Generalitateko iturriek zehaztu dutenez, Aragonesek jasotako mezuak komunikabideen azken orduko albisteen itxura zuten, baina faltsuak ziren; erabiltzaileak mezuan atxikita zegoen estekaren gainean klik egin zuenean, Pegasus sistema mugikorrean sartu zen, Aragones ohartu barik.

Aragonesen kasuan, Generalitatearen arabera, telefono mugikorra 2020ko urtarrilean jasotako mezuen bidez infektatu zuten, Sanchez presidente egiteko negoziazioak egiten ari ziren garaian.

Aragones haratago joan da, gaur egun ere komunikazioak "% 100 babesturik" daudela ezin duela ziurtatu esanda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Delituak Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès ERC Kataluniako Generalitatea Pegasus auzia