Itxi

Politika

ESPIOITZA POLIITKOA

Margarita Robles: "CNIk legearen arabera jokatu du"

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Espainiako Defentsa ministroak berretsi du zerbitzu sekretuei erreferentzia egiten dion guztia sekretua dela. Hala ere, bi kontrol mekanismo bi daudela azpimarratu du: judiziala eta parlamentarioa.

  • Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroa (artxiboko irudia)

    Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroa (artxiboko irudia). Argazkia: EFE

Pegasus programaren bitartez 65 politikari independentistari egindako espioitza politikoaren auzia bolo-bolo dabilen honetan, CNIk edo Espainiako Zerbitzu Sekretuak legearen arabera jokatu dutela azpimarratu du Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak. "Legearen betetzea erabatekoa izan da", gaineratu du.

Margarita Roblesen arabera, Gobernuak eta CNIk "indarrean dagoen legediaren arabera" jokatzen dute beti, eta "defendatu ezin den erakunde baten inguruan" zalantzarik ez sortzeko eskatu du.

Espainiako telebista publikoari eskainitako elkarrizketan azpimarratu duenez, zerbitzu sekretuei erreferentzia egiten dion guztia sekretua da. Testuinguru horretan, ez du argitu CNIk Pegasus programa duen ala ez.

Dena dela, bi kontrol mekanismo badaudela gogoratu du, izan ere, CNIk kontrol judizialari eta parlamentarioari erantzun behar dio. Halaber, Diputatuen Kongresuko Gastu Erreserbatuen Batzordea ez dela oraindik osatu legebiltzaldi honetan eta horretarako deia egin die taldeei. Aipaturiko batzorde horretan agerraldia egin dezake esaterako CNIko zuzendariak.

Espioitza kasu honek Katalunian izan ditzakeen ondorio politikoez galdetuta, Margarita Roblesek esan du Espainiako Gobernuak elkarrizketaren eta bide politikoen aldeko apustua egiten duela eta egiten jarraituko duela. Ildo horretan, nabarmendu du Pere Aragones Generalitateko presidenteak badakiela Espainiako Gobernuak kostu politikoak onartu behar izan dituela Kataluniaren inguruan hartu dituen erabakiengatik.

Bestalde, berak eskatuta, Diputatuen Kongresuan agerraldia egingo duela esan du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena