Politika -
presoak
Preso ohiei egindako ongietorriak "higuingarriak" iruditzen zaizkio PSOEri, baina debekatzea baztertu du
UPNk mozioa aurkeztu du Senatuan ekitaldiok debekatzeko legea aldaketa eskatuz. Sozialisten eta jeltzaleen botoekin errefusatu dute neurria.
Agentziak | EITB MEDIA
Terrorismoaren biktimak babesten dituela eta ETAko preso ohiei egindako ongietorriak "higuingarriak" iruditzen zaizkiola nabarmendu du PSOEk Senatuan. Hori gorabehera, ekitaldiok debekatzeko UPNk aurkeztutako mozio baten kontra bozkatu dute sozialistek.
Senatuko Barne Batzordean egindako bozketan, PPk, Voxek, Ciudadanosek eta UPNk berak egin dute ekimenaren alde; PSOEk eta EAJk, aldiz, aurka.
Alfonso Gil senatari sozialistaren iritzian, UPNren mozioa eskuineko alderdiek Espainiako Gobernuaren, Barne Ministerioaren eta PSOEren kontra aurkeztutako ekimena baino ez da. "Ez gaituzue harrapatuko, gu biktimen alde gaude. Denok bat egin beharko genukeen zerbaitetan ez ezazue desadostasuna hauspotu", eskatu du. Gogorarazi duenez, PSOEk bultzatu ditu, besteak beste, biktimentzako memoriala eta eskoletako unitate didaktikoak.
Almudena Otaola Euskal Taldeko senatariak uste du ongietorriak ez direla "etikoak", baina gogorarazi du egin daitezkeela manifestaziorako eskubidea tarteko. Gainera, argudiatu du Zigor Kodeak jasotzen duela horiek debekatzeko aukera, terrorismoa goratzeko delituarekin. "Aberrazio juridikoa da, delitua izan ez arren hura debekatzea proposatzen baita", azaldu du.