Politika -

Espioitza politikoa

Sekretu Ofizialen Legea, lege anakronikoa garai berrietan

Sekretu Ofizialei buruzko 9/1968 Legea da, gai batzuk "sailkatu" edo "erreserbatu" izaera emateko bide eman eta, hain zuzen, CNIren jarduera babesten duena.

Dozenaka artxibo apalategi batean
Dozenaka artxibo apalategi batean
Dozenaka artxibo apalategi batean

Iker Gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Rodriguez Lurralde Politika ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramaleari independentista katalanei -baita Arnaldo Otegi Jon Iñarrituri ere- ustez egindako espioitzari buruz galdetu ziotenean, Espainian komunikazioak entzuten eta espiatzen ez diren demokrazia dagoela erantzun zuen, eta, egitekotan, soilik "legeak eta zuzenbideak babestuta" egiten dela.

"Nik lasaitasun mezua berretsi nahiko nuke: hau herrialde demokratikoa da, eta ez da espioitza egiten, norbanakoen askatasuna errespetatzen da, ez dira elkarrizketak entzuten eta ez dira komunikazioak atzematen, legeak babestuta ez bada. Ezin dira eskubideak mugatu legearen babespean ez bada, eta justiziak dagokion lana egiten du. Erabat bermatzen dizuet Estatuak ondo jarduten duela", baieztatu zuen.

Alabaina, CNIk Pegasus espioitzarako programa erabiltzen duen galdetu ziotenean, zera erantzun zuen: "gai batzuk, nazioaren segurtasunarekin lotuta dauden heinean, gai sailkatuak dira, gai sekretuak, eta horiei buruz ezin dizuet ezer esan, legeak galarazten didalako".

Sekretu Ofizialei buruzko 9/1968 Legea da, apirilaren 5ekoa, hain zuzen, gai batzuk "sailkatu" edo "erreserbatu" izaera emateko bide ematen duena. Konstituzioaren aurreko legea da, Frankismo garaian onartutakoa (1978an aldaketa txiki bate egin zioten), eta gaur egun ez du inork ukatzen zaharkituta geratu denik.

Legeak hitzez hitz esaten du "asunto, ekintza, agiri, informazio, datu eta objektu" batzuk "gai sailkatutzat jo" daitezkeela, "horien berri izateko baimena ez duten pertsonek ezagutuz gero, Estatuko segurtasuna eta defentsa arriskuan jartzeko aukera balego".

Hain zuzen, kasu honetan, CNIren jarduera oro ezin da publiko egin sailkapen horren arabera. Alabaina, hori gorabehera, eta Margarita Robles Defentsa ministroak gaur bertan RTVEk egindako elkarrizketa batean gogorarazi duenez, CNIk egindako jarduera guztiak "bi kontrol mekanismo baten menpe daude: judiziala eta parlamentarioa -batzordean-", nahiz eta batzorde horretan esaten den ezer ezin den plazaratu.

Gaur bertan, El Paisek argitaratu duen albiste baten arabera, CNIk Pegasus espioitza programa erosi omen zuen sei milioi ordainduta (nahiz eta azkenean ordaintzen dena erabileraren araberakoa den), Espainiatik kanpo erabiltzeko asmoa zutela argudiatuta.

-Nork sailkatzen ditu gaiak sekretu gisa? Ministroen Kontseilua da ebazten duena zer izan daitekeen arriskutsua Estatuko segurtasunerako. Legeak, halaber, Estatu Nagusiko Buruzagien Batzordea aipatzen du, baina Indar Armatuen organo hori 2005an desagertu zen behin betiko.

-Zenbat denbora egon daitezke sekretu gisa/erreserbatu sailkatuta? Indarrean egon daitekeen epea izan da azkenaldian zeresan gehien eman duen aldeetako bat. Espainian, Europako eta nazioarteko beste herrialde batzuetan ez bezala, sekretu gisa sailkatzen diren gaiak betirako izaten dira sekretuak. Aldiz, Erresuma Batuan edo Suedian, esaterako, dokumentuak 30 edo 40 urtez daude sekretupean, gehienez. AEBn 25 urtetan ezarrita dago muga.

-Sekretu Ofizialen Legearen erreforma Gaur gaurkoz, Presidentetza Ministerioak (Felix Bolaños buru du) gidatutako batzorde batean ari dira testua lantzen, Defentsa, Barne eta Kanpo Arazoetarako ministerioen parte hartzearekin batera. Espainiako Gobernuko asmoa ahalik eta adostasun handiena batu eta legealdiaren bukaera baino lehen, hots, 2023an beranduenez, onartzea da.

EAJ, talde parlamentarioaren bidez, sekretuen lege frankista azkenaldian aldatzea gehien eskatu duen alderdia izan da. 2016an egin zuen proposamena, onartu zuten, baina izapidetza asko luzatu zen eta, azkenik, 2019ko martxoan, aukerak galdu zituen. 2020an berriro onartu zuten tramitera, baina alde batera geratu zen Espainiako Gobernua ez dagoelako ados sekretuei 25 eta gai sailkatuei 10 urteko epea emateko proposamenarekin, bereizketarik egin barik, eta batzordeak atzera bota zuen.

Iazko azaroan, PSOEk eta Podemosek Sekretu Ofizialen Lege berria bultzatzea adostu zuten, "legezkotasun, behar eta proportzionaltasun" printzipioei helduta, eta Europako zein nazioarteko legediarekin bat eginda. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Sekretu Ofizialen Legea gaur