Politika -

Ukrainako Gerra

Ukrainara armamentu gehiago bidali dutela iragarri du Sanchezek, Kievek orain arte jasotakoaren bikoitza

'Ysabel', Espainiako Armadako ontzia, Poloniara bidean da jadanik, eta 200 tona material daramatza, tartean, 30 kamioi eta beste 10 ibilgailu txikiago.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Volodimir Zelenskirekin bildu da eta Ukrainara armamentu gehiago bidali dutela iragarri du

0:44

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak gaur Kieven iragarri duenez, Ukrainara material beliko gehiago bidali dute. Ysabel, Espainiako Armadako ontzia, Poloniara bidean da jadanik, eta 200 tona material daramatza.

Sanchez Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin bildu da hiriburuan. Espainiak bidalitako laguntza militar "handiena" dela azpimarratu du buruzagi sozialistak; izan ere, Kievek orain arte jasotakoa bikoiztu dute.

Gainera, ontziak 30 kamioi eta 10 ibilgailu txikiago daramatza, Espainiako Exekutiboko presidenteak azaldu duenez. Bestalde, laguntza humanitarioa areagotzea agindu du, adingabeentzat bereziki, zati bat Unicefek kudeatu dezan.

"Inpunitatearen aurka ere borroka egin behar dugu, batez ere Borodyanka bisitatu ondoren. Nazioarteko Justizia Auzitegiaren laguntza eskaerari erantzun, gerrako krimenen arduradunak ikertu eta epaitzeko", gaineratu du Sanchezek agerraldian.

Horretarako, Barne Ministerioko zortzi erakundetako delinkuentzia adituak Ukrainaren esanetara jarriko ditu Espainiak, besteak beste, auzitegiko 39 mediku, zehaztu duenez.

Zelenskirekin bildu aurretik, Borodyanka hirian bisita egin du Sanchezek, Danimarkako lehen ministroarekin eta Olha Stefanixina Ukrainako Kanpo Arazoetarako ministrordearekin batera.

"Putinen gerrak Borodyankako kaleetan eragindako izua eta basakeria ikusita, hunkituta. Ez dugu ukrainar herria bakarrik utziko", idatzi du Sanchezek Twitterren, hirian bisita egin eta gero.

Hiru agintariak bisitan. Argazkia: Espainiako Gobernua

Hiru agintariak bisitan. Argazkia: Espainiako Gobernua

Sanchezek beste buruzagi batzuek egindako bideari ekin dio. Polonia, Eslovenia eta Txekiar Errepublikako agintariak ere egon dira Ukrainan, eta Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentea, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko burua eta Josep Borrel Europako Kanpo Arazoetarako ordezkari nagusia ere joan dira errusiarren inbasioa jasaten ari den herrialdera. 

Apirilean, Eduard Heger Eslovakiako lehen ministroak, Karl Nehammer Austriako kantzilerrak eta Boris Johnson Erresuma Batuko gobernuburuak ere egin diote bisita Zelenskiri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ukraina Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Danimarka Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski