Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Espioitza ikertzeko Sekretu Ofizialen Batzordea martxan jartzeko eskatu du Fanjulek

PPko diputatuak ez du uste beste ikerketa batzorde bat behar denik. EAEko PPren balizko berritze batez galdetuta, Iturgaizek "hala nahi badu behintzat", presidente berriro hautatzeko "denon babesa" izango duela azpimarratu du.

Fanjul, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Fanjul, elkarrizketaren une batean.
Fanjul, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bea Fanjul PPko diputatuak Sekretu Ofizialen Batzordea martxan jartzeko eskatu dio Meritxel Batet Kongresuko presidenteari, hori baita, horren ustez, ustezko espioitza politikoa ikertzeko foro egokiena. Alderdi nazionalistek eta Unidas Podemosek eskatutako batzordea "beharrezkoa ez" dela gaineratu du.

Auzi horren kontura, "zuhur" agertu da Fanjul, eta ez du iritzirik eman nahi izan PP bera zelatatua izan ote den edota agindua nork eman ote duenaren inguruan. "Arriskutsua litzateke zerbait esatea, zuhurra izan nahi dut", erantsi du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan.

Talde katalanek egindako mehatxuak —Sanchezen Gobernuari ematen dioten babesa kentzeaz— benetakoak ez direla uste du. Horren iritzian, "Gobernua eta talde independentistak gauza bera dira, biei interesatzen zaie legegintzaldia amaitzea jakin badakitelako hurrengo hauteskundeetan ezingo dutela irabazi".

Alberto Nuñez Feijooren zuzendaritza berriarekin EAEko PPn ere berrikuntzarik egin behar den galdetuta, "egiturak berritzea" ona dela erantzun du. "Iturgaizek pauso bat aurrera egin, eta presidente izateko hautagaitza aurkezten badu, denon babesa izango du", iragarri du. Hala, zuzenean aipatu ez badu ere, Alfonso Alonsoren balizko hautagaitza bat babestuko ez lukeela iradoki du; "hautagaitza bakarraren aldekoa naiz", argudiatu du.

Azkenik, EAJk PPri eta PSOEri Vox baztertzeko egindako eskeaz, Fanjul ironiaz mintzatu da: "Zoragarria deritzot EAJk besteoi esatea zer egin behar dugun. Aurrena bere hitzak aplikatu beharko lituzke, zeren niri Bildu, PSOE eta Unidas Podemos baztertzea gustatuko litzaidake, izorratzen gaituen gobernu horri babesa ez ematea. Era berean, Ayuso eredutzat hartu eta gosari batera joaten diren enpresaburuekin ez haserretzea ere gustatuko litzaidake".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PP Alderdi politikoak Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Alberto Núñez Feijóo Sekretu Ofizialen Legea gaur Pegasus auzia