Politika -

Nafarroa

Burujabetzaren aldeko aldarrikapen eguna egingo dute ekainaren 5ean: Amaiurraldia

Amaiurko batailaren 500. urtemuga aprobetxatuta, “errepublika aske eta burujabe batera” joateko prozesuari hasiera eman nahi dio ekimen horrekin Nafarroa Berriz Altxa plataformak.

Nafarroa Berriz Altxa plataformaren gaurko agerraldia.
Nafarroa Berriz Altxa plataformaren gaurko agerraldia.
Nafarroa Berriz Altxa plataformaren gaurko agerraldia.

I. R. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroa Berriz Altxa plataformak agerraldia egin du gaur Amaiurko gaztelua izan zenaren oinean datorren ekainaren 5rako antolatu duten Amaiurraldia izeneko ekitaldia aurkeztu eta, 500 urteren ostean, oraindik ere Nafarroako eta Euskal Herri osoko herritarrek burujabetzarako beharra dutela aldarrikatzeko.

Iragarri dutenez, Amaiurraldia oroitzapenerako eta aldarrikapenerako eguna izango da, iragana gogoan edukiko duena, baina gaurkotasun handikoa ere, "jokoan baitago egunero eragiten dizkiguten erabakiak non eta nork hartzen dituen".

Gogoratu dute 500 urte igaro direla Amaiurko zelaietan nafarrek Gaztelako tropen aurka bataila galdu zutela, eta, horrekin batera, euren burujabetza. Halere, pasarte hori ez dute gogora ekarri modu nostalgikoan, baizik eta ahalduntze kolektiboen eta autodeterminazioaren aldarrikapen gisa: "Amaiurko batailaren urtemuga gure iruditegian gorriz markatuta dugu nafar subiranista eta independentistok, 1512ko konkista odoltsu hartatik bederatzi urtera, Nafarroako Erreinua berreskuratzeko hirugarren saiakera izan baitzen".

Besteak beste, XXI. mende honetako arazoei aurre egiteko eta errepublika aske bat eraikitzeko euskal herritarren burujabetza berreskuratzea funtsezkoa dela adierazi dute gaur. Horretarako, Amaiurraldia antolatu dute Nafarroa Berriz Altxa plataformakoek datorren ekainaren 5rako. Jaia eta errebindikazioa uztartuko duen egun horretan, Amaiurko gaztelutik abiatuta, ibilaldia egingo dute Arizkuneraino, nafartarrak martxan daudela irudikatzeko. Ondoren, festa giroa nagusi izango da, Elizondon. Bestalde, azpimarratu dutenez, ekitaldiok bailara horretan gauzak egiten diren bezala antolatu dituzte: "Auzolanean, bertako bizilagun eta herri mugimenduekin elkarlan bat sortuz".

Aldarrikapenerako egun horren ostean, hausnarketarako fase bat abiatuko dutela iragarri dute plataformako kidek, mugimendu gisa, euren ibilbidea bideratu eta nora joan nahi duten erabakitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa gaur Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Historia