Politika -

Lehen dama berria

Valerie Trierweiler, kazetari diskretu bat Eliseoan

Frantziako presidente berriaren bikotekidea ez da Carla Bruni bezain ospetsua, baina ondo baino hobeto ezagutzen ditu Frantziako hedabideak eta politika.

Valerie Trierweiler eta François Hollande. Argazkia: EFE
Valerie Trierweiler eta François Hollande. Argazkia: EFE
Valerie Trierweiler eta François Hollande. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Valerie Trierweilerrek, François Hollande sozialistaren bikotekideak, Frantziako presidentearen alboan egoteaz oso "harro" dagoela adierazi du. "Errepublikaren presidente berriarekin egoteaz harro nago, eta Françoisekin bizitzeagatik beti zoriontsu", esan du Trierweilerrek sare sozialetan.

Trierweiler (47 urte) kazetaria da eta Frantziako V. Errepublikako zortzigarren lehen dama bilakatu da. Trierweilerrek, gainera, hiru seme-alaba ditu eta 2006an harreman sekretua hasi zuen Hollanderekin (2010era arte ez zuten ofiziala egin). Hauteskunde kanpainako azken asteetan, Trierweiler Hollanderen ondoan izan da. Horrexegatik, hain zuzen, kazetaritza politikoan lan ez egitea erabaki zuen Trierweilerrek, baina Paris Match aldizkarian eta Direct 8 telebista katean lan egiten jarraitzen du. Frantziako presidente berriaren bikotekidea ez da Carla Bruni bezain ospetsua, baina ondo baino hobeto ezagutzen ditu Frantziako hedabideak eta politika.

Hollandek Eliseora iristeko egin duen itxura aldaketaren arduraduna omen da Trierweiler. 1965ean Angerren (mendebaldea) jaio zen, banketxeen esparruko langileek osatutako sendi batean. Valerie Massonneau (ezkongabeko izena) sei anai-arrebarekin hazi zen. Aita gerran elbarritu zuten eta irakurtzeko zaletasun handia zuen. Ama patinatzeko pista bateko kutxazaina izan zen urte batzuetan.

Segolene Royal presidentziarako hautagai ohiarekin harremana eta lau seme-alaba izan zituen arren, bere bizitzako emakumea Trierweiler dela adierazi du Hollandek. Kazetariak 23 urte zituen Hollande ezagutu zuenean. 34 urte bete zituenerako, Hollande François Mitterranden aholkularia eta Asanblea Nazionaleko diputatua zen dagoeneko.

Bien arteko maitasuna, hala ere, ez zen garai hartan sortu. Lehen senarrarengandik banandu ostean, Valerie Denis Trierweiler kazetariarekin ezkondu zen eta orain nerabeak diren hiru seme-alaba izan zituen. Bigarren senarrarengandik ere banandu zen, haren abizena erabiltzen jarraitzen duen arren, baina Frantziako presidente berriaren neska-laguna ez da sozialistarekin ezkondu eta asmorik ez dutela adierazi dute biek. "Ez dugu behartuta ezkondu nahi, gure bizitza pribatuko erabaki bat da", esan du duela gutxi Trierweilerrek eskaintzen dituen elkarrizketa bakanetako batean. Normalean diskretua izaten da lehen dama berria, baina hauteskunde kanpainan pixkanaka-pixkanaka hedabideetan gero eta gehiago agertzen hasi da. Twitterreko kontuaren bitartez ere aritu da, baina eguzkitako betaurrekoen atzean ezkutatzen jarraitzen du.

"Izugarri gustatzen zait Françoisi entzutea. Noski, maite dudan gizona txalotzea eta kazetaria izaten jarraitzea ez da arazoa. Jada ez. Besoak altxatuz animatzen dut, futbolari baten emaztea izango banintz bezala", esan du Trierweilerrek Femme Actuelle aldizkarian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea