Politika -
Hauteskunde aurreraturik ez
EAJ: 'Bigarren mailakoa dela onartu behar du lehendakariak'
Gobernatu ahal izateko ''babes nahikoa'' duela froga dezala eskatu dio Ortuzarrek Patxi Lopezi. Bestela, ''utz diezaiola Ajuria Eneko besaulkiari gogor heltzeari'.
Erredakzioa
''Bigarren mailakoa'' dela eta ''bakarrik dagoela'' onartu behar du lehendakariak, Andoni Ortuzar EAJko Bizkaiko presidentearen hitzetan.
PPk PSErekin zuen ituna hautsi duen arren, Patxi Lopezek ez ditu hauteskundeak deituko, astearte honetan bertan jakitera eman duenez. Aitzitik, ez du argitu legegintzaldia amaituko duen ala ez.
Egoera horren aurrean, gobernatu ahal izateko ''babes nahikoa'' duela froga dezala eskatu dio Ortuzarrek Patxi Lopezi, eta, babes nahikorik ez baldin badu, ''utz diezaiola Ajuria Eneko besaulkiari gogor heltzeari''.
EAJko Bizkaiko buruaren hitzetan, ''Euskadik ez du merezi beste hamar hilabetez hilzorian izango den gobernua'', eta ''bere buruari iruzur egiten'' aritzea leporatu dio lehendakariari. ''Are okerrago: euskal herritarrei egin nahi die iruzur'', gaineratu du Ortuzarrek.
Jeltzalearen ustez, Patxi Lopezen exekutiboak ''herri honen gehiengo sozial eta politikoaren kontra'' gobernatu du. ''Akordioak lortu edo lehenbailehen hauteskundeak deitu behar ditu'', esan du. "Orain hiru urte PPren alde egin zuen. Orain bere gain hartu behar du erabaki hori'', gaineratu du.
Astelehenean Urkulluk konfiantza mozioa aurkeztea eskatu zion lehendakariari, eta Ortuzarrek eskaera hori errepikatu dio gaur.