Politika -
Bateragune auzia
Gernikako Akordioak protestak deitu ditu Gorenaren epaiaren kontra
Arnaldo Otegik eta gainerako kondenatuek prozesua martxan jarri ahal izateko egindako "ekarpena ukaezina" dela azpimarratu dute akordioko sinatzaileek eta elkarretaratzeak deitu dituzte ostiralerako.
Erredakzioa
Gernikako Akordioaren sinatzaileek mobilizazioak deitu dituzte euskal hiriburuetan, ostiral honetarako, Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren baitan kaleratutako epaiaren kontra protesta egiteko. "Prozesuaren aurkako eraso gehiago ez. Konponbiderako garaia da" lelopean elkarretaratzeak egingo dituzte.
Arnaldo Otegik eta gainerako kondenatuek prozesua martxan jarri ahal izateko egindako ekarpena "ukaezina" dela azpimarratu dute Donostian emandako prentsaurreko batean.
Gainera, "Euskal Herriko agertoki politikoan zegoen indarkerietako bat desagertu ondoren" (ETAk armak utzi izanari erreferentzia), "torturak eta poliziaren jazarpenak" bere horretan jarraitzen dutela salatu dute.
Hori horrela, oraindik "erakunde politiko eta sozial ugari legez kanpo" daudela eta ETAko presoen kolektiboaren egoerak "okerrera" egin duela gaitzetsi dute.
"Eraso eta eskubideen urraketa guztien aurrean", Gernikako Akordioaren sinatzaileek "prozesuarekiko eta normalkuntza politikoarekiko konpromisoa" eskatzen diote euskal gizarteari.
Elkarretaratzeak hiriburuetan
Hori dela eta, herritarrei ostiralerako deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete. Elkarretaratzeak 19:00etan egingo dira Donostiako Boulevardean, Gasteizko Ama Zuriaren Plazan eta Iruñeko Udaletxe Plazan. Bilbon, berriz, 20:00etan deitu dute elkarretaratzea Plaza Biribilean.