Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Eusko Legebiltzarrak Euskal Sektore Publikoaren legea onartu du

Legea aurrera atera da EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUren abstentzioarekin.

Urkullu eta Iriarte Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Urkullu eta Iriarte Eusko Legebiltzarrean
Urkullu eta Iriarte Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak argi berdea eman dio Euskal Sektore Publikoaren legeari, eta aurrera atera da EAJren eta PSE-EEren babesarekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren abstentzioarekin. PP+Cs taldeak eta Voxek kontra bozkatu dute.

Gaur onartu den legearen helburua da sektore publikoaren barne egitura sinplifikatzea eta administrazioen arteko bikoiztasunekin bukatzea

Bozketaren aurretik Eusko Legebiltzarrean egin den eztabaidan, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek legea defendatu dute. Azaldu dutenez, horri esker euskal administrazioa modernizatu egingo da, bikoiztasunak ezabatzeko neurriak ezarriko ditu eta euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko ditu. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk legea motz gelditu dela adierazi dute, baina beraiek egindako ekarpen batzuk aintzat hartu dituztelako erabaki dutela abstentziora jotzea.

Estibalitz Larrauri EAJko legebiltzarkidearen esanetan, lege berriak ahalbidetuko du sozietate berriak sortzeko formulak gogortzea, ebaluzioa gogortuz gainjartzeak eta bikoizketak ekiditea, eta tresna berriz hornitzea. "Lege berri honekin sektore publikoak irabazten du", gehitu du.

PSE-EEren izenean hitz egin duen Miren Gallastegi legebiltzarkidearen ustez, legeak marko normatibo bat eskainiko dio sektore publikoari, "guztion zerbitzura, erosoagoa eta irisgarriagoa" izan dadin. Hori guztia dela eta, baiezko botoa emateko sobera arrazoi daudela uste du.

Leire Pinedo EH Bilduko ordezkariaren arabera, legea motz gelditu da eta aukera ona galdu da sektore publiko hobea lortzeko, besteak beste, eguneratzeko eta herritarrei eskuragarriago egiteko. Gaineratu duenez, lege horren baitan foru eta tokiko erakundeak ere barne hartzea funtsezkoa zen EH Bildurentzat. Dena dela, onartu du testua hobetu egin dela jatorrizkoarekin alderatuta eta hori neurri batean koalizioak egindako ekarpenei esker izan dela.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko eledunak ere nabarmendu du aukera ona galdu dela, besteak beste, ez dituelako konponduko antolamenduari lotuta dauden "gabezia larriak" edota ia ez duelako hobetzen kontrol demokratikoa eta gardentasuna. EH Bildurekin bat egin du euskal sektore publiko osoari aplikatu beharko litzaiokeela esaterakoan. Halaber, eragile sozialei dagokien papera ukatzen zaiela ere salatu du. Dena dela, beraiek egindako ekarpen asko aintzat hartu direlako abstentziora jo dute.

PP+Cs taldearen aldetik Luis Gordillok ziurtatu du arauak ez duela berritasunik jasotzen, eta sektore publikoa "modernizatzeko" koalizioaren proposamenak onartu ez izana deitoratu du.

Azkenik, Amaia Martinezek (Vox) salatu du legea "lausotasunez" beteta dagoela, eta Eusko Jaurlaritzari "dekretuen bidez ekiteko askatasuna" ematen diola. Horren iritziz,  enpresa publiko berriak sortzeko atea ere irekitzen diola Jaurlaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Araba Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak bideoak EH Bildu PSE-EE berriak Euskadiko PP Ciudadanos Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Vox