Politika -

Diputatuen Kongresua

Segurtasun Nazionaleko legeak bere ibilbide parlamentarioa hasiko du PP, PSOE eta UPren babesari esker

ERC, JxCat, EAJ eta EH Bilduk uste dute lege proiektuak erkidegoen eskumenak eta oinarrizko eskubideak urratzen dituela. ERCk eta JxCatek aurkeztutako osoko zuzenketen aurkako botoa emango duela iragarri du PPk.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Segurtasun Nazionaleko Legea, onartuta, PPri esker

01:20

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak bazkide politikoen aurkako botoa gaindituko du PPren babesari esker, eta Segurtasun Nazionaleko lege proiektuaren tramitazioa bideratuko du. Hala ere, Alderdi Popularrak ez dio Exekutiboari "txeke zuririk" emango, eta artikuluz artikulu legea negoziatzeko eskatu dio.

Felix Bolaños Presidentetza ministroak proiektua defendatu du Diputatuen Kongresuan. ERCk eta JxCatek aurkeztutako osoko zuzenketen aurkako botoa emango duela iragarri du PPk, eta proiektuak ibilbide parlamentarioa hasiko du.

Kataluniako abertzaleek, baita EAJk eta EH Bilduk ere, uste dute lege proiektuak erkidegoen eskumenak eta oinarrizko eskubideak urratzen dituela.

Bolañosek hori ukatu, araudia "ezinbestekoa" dela esan, eta baliabide estrategiko egokiak eta Estatuak krisiei aurrea hartzeko tresnak izatea soilik bermatu nahi duela azaldu du, pandemiaren eta Ukrainako gerraren lezioak ikasi ondoren.

JxCat: "PPren eta Voxen etorkizuneko Gobernuari tresnak eta bidea prestatzen ari direla ematen du"

Montserrat Bassa ERCko diputatuak adierazi duenez, "Segurtasun Nazionaleko legearen kontra gaude, gure segurtasun propioagatik". "Ezkutuko 155 bat baino ez da, lotsagabe eskumenak kentzeko", ohartarazi du.

ERCren hitzetan, PPren Gobernuak 2015ean onartutako legea aldatzen du proiektuak, baina "eskuinaren marko mentala erosten du"; "boterera iristen direnean, Voxen eta PPren eskura jartzen ditu baliabide errepresibo guztiak", eta erkidegoen eskumen guztiak "zentralizatzeko" aukera ematen dio Moncloari.

Mirian Noguerasek defendatu du JxCaten osoko zuzenketa, Kataluniako eskumenak "suntsitzen" dituen legea delako, "otsoak" idatzitakoa, eskuinari erreferentzia eginez.

"PPren eta Voxen etorkizuneko Gobernuari tresnak eta bidea prestatzen ari direla ematen du", gaineratu du Noguerasek. Pegasus auziko espioitza aipatu du JxCateko ordezkariak, independentistak zelatatzen ari dira, "pentsatzen dugunagatik, ez egiten dugunagatik".

Proiektu "zentralizatzailea" dela uste dute CUPek eta EH Bilduk. Mikel Legarda EAJko diputatuaren ahotan, testua ez zaio lurralde estatuari "ongi egokitzen", ezta Kataluniako eta Euskadiko polizia integralei ere.

Bestalde, Unidas Podemosek proiektuaren tramitazioa erraztuko du, Ismael Cortes Gomezek iragarri duenez. Hala ere, segurtasun nazionala Estatuaren eta erkidegoen arteko lankidetza mekanismoen bidez definitu behar dela zehaztu du. Horregatik, diseinatzen den eskemak errealitate bakoitzaren eskumenak "kontuan izatea" eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia argazkiak EH Bildu Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Podemos ERC