Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Beste alderdi politiko batean aritzea baztertu du Ezenarrok
EAJrekin lotzen duten zurrumurruak ezeztatu ditu, baina ez dizkio politikari ateak itxi. ''Abian duguna bukatzen uzten ez badigute, Talde Mistora joko dugu guk ere'', esan du Ezenarrok.
Erredakzioa
Aintzane Ezenarrok baztertu egin du beste alderdi batean aritzea, baina ez dizkio politikari ateak ixten. Hori bai: EAJrekin lotzen duten zurrumurruak ezeztatu ditu parlamentariak. ''Momentu honetan ez dut aintzat hartzen beste alderdi politiko batean aritzea'', esan du Ezenarrok Radio Euskadin.
''Ganbara'' saioan egin duen elkarrizketa batean, bai berak eta baita Basabek eta Erostarbek ere aktak utziko dituztela berretsi du, baina ''esku artean'' dutena bukatu nahi dute. ''Abian duguna bukatzen uzten ez badigute, Talde Mistora joko dugu guk ere'', esan du.
Aralarrek alderditik bota ditu berriki hiru parlamentariak, eta ika-mika hori piztu duen egoeraz aritu da Ezenarro. ''Bazterketarik gabeko lantalde baten(Aralarrek defendatutako kontzeptua)'' eta ''alderdi politiko guztiei irekita egongo den lantaldea baten'' arteko aldeak eragin omen du liskarra, Ezenarrok esan duenez. ''Azken esaldi horrek ere helburua lortzen zuela uste genuen'', esan du parlamentariak. ''PPk aldeko botoa ematea lortu genuen'', gaineratu du.