Politika -

Bidaia ofiziala

Bi urteren ostean, nazioarteko lehen bidaia Korsikara egingo du lehendakariak maiatza amaieran

Hala, nazioarteko agendari ekingo dio berriz ere Urkulluk. Bidaia honen helburua Jaurlaritzaren eta Korsikako Kontseilu Eragilearen arteko lankidetza-eremuak indartzea da, kulturaren eta hizkuntzaren alorretan.

Iñigo Urkullu lehendakaria artxiboko irudi batean
Iñigo Urkullu lehendakaria artxiboko irudi batean
Iñigo Urkullu lehendakaria artxiboko irudi batean

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Korsikara bidaia egingo du maiatzaren 29tik ekainaren 1era bitartean Jaurlaritzaren eta Korsikako Kontseilu Eragilearen arteko lankidetza-eremuak indartzeko, kulturari eta hizkuntzari dagokienez. Bi urte bidaiatu gabe egon ondotik, lehendakariak berriz ere ekingo dio nazioarteko agendari. 

Hala adierazi du Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan. Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendariarekin batera egingo du bidaia.

Lehendakaria buru duen ordezkaritzak maiatzaren 30ean hasiko du agenda Ajaccion, hainbat bilera izango baititu Korsikako kolektibitatearen egoitzan. Korsikako Kontseilu Eragilearen presidente Gilles Simeonirekin eta Batzarreko presidente Marie-Antoinette Maupertuisekin bilduko da, besteak beste.

Arratsaldean, Myrte eta Pagorba energia berriztagarrien arloko ikerketa- eta berrikuntza-plataformak bisitatuko ditu Vignolan, eta, biharamunean, Corte hirian izango da.

Bidaian zehar kultura, hizkuntza eta ondarearen arloko gobernu-esperientziak trukatzeko aukera izango du Urkulluk.

2020ko apirilean, pandemia betean, lehendakariak eta Korsikako presidenteak bilera telematiko bat egin zuten, eta bertan Lankidetza Memorandum bat sinatu zuten, euskal erakundeek eta korsikarrek aldebiko harremanen garapena bultzatu eta etorkizuneko lankidetzetarako oinarri komun bat emateko hainbat gairen inguruan: harreman ekonomikoetan, kulturan, diasporan edo hizkuntza-politikan.

Urkulluren ustez, une egokia da lankidetza horri berriro ekiteko, Zupiriak azpimarratu duenez.

Euskadik, besteak beste, Flandriarekin, Bavariarekin, Quebecekin edo Jiangsurekin dituen harreman estrategikoen sareko kide da Korsika.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Munduko albisteak 2024 Iñigo Urkullu biografia Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Frantzia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa