Politika -
EPAIKETA
Epaileak ekainaren 9an jakinaraziko du Jakes Esnal ETAko presoa aske utziko duen ala ez
70 urte ditu Esnalek eta 32 urte daramatza preso Frantzian. Biziarteko kartzela-zigorra du ezarrita, 80ko hamarkadan Espainian egindako hainbat atentatu egotzita.
EITB MEDIA
Jakes Esnal ETAko presoaren askatasunaren inguruko erabakia ekainaren 9an jakinaraziko du Parisko Apelazio Auzitegiko zigorren aretoak. Atzo jakinarazi zuen data areto horretako presidenteak, eta ez zuen baztertu Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordeari auziairi buruzko txostena eskatzea. Azken hori, erakunde aholku-emailea da, eta Esnalen askatasunaren aldeko iritzia eman zuen, azkena kontsulta egin ziotenean.
70 urte ditu preso lohitzundarrak, eta 32 daramatza kartzelan, biziarteko espetxe-zigorra betetzen. Espainian 80ko hamarkadan ETAk egindako hainbat atentatutan parte hartzea egozten diote.
1990ko apirilean atxilotu zuten Esnal Baionan, Frederique Haranburu Xistor eta Jon Parotekin batera, 'Argala' taldeko kide izatea leporatuta.
Hirurek frantziar nazionalitatea dute, eta garai hartan Frantziak ez zituenez bere herritarrak estraditatzen, Parisen epaitu zituzten eta biziarteko espetxe-zigorra ezarri zieten.
Haranburu iazko azaroan utzi duten baldintzapean aske, baina beste biak preso mantentzea ebatzi zuen epaileak, eta Lannemezango eta Mureteko kartzeletan ari dira zigorra betetzen. Etxetik gertuago egoteko lekualdatu zituzten espetxe horietara.
Ekainaren 9an Apelazio Auzitegiak Esnal askatzea ebatziko balu, Fiskaltzak erabakiaren kontrako helegitea jartzeko aukera izango luke, baina prozedura arrazoiengatik bakarrik, eta ez edukiarekin lotutakoengatik.
Ateratzekotan, baldintzapean aterako litzateke; besoko elektronikoa eta etxeko atxiloaldia izango lituzke lehendabiziko bi urteetan, eta ondorengo hamarretan, joan-etorriak egiteko murrizketak ere bai.
Aske ez uztea erabakiko balu epaileak, Esnalen defentsak ere izango du helegitea aurkezteko aukera.