Politika -

Europako Funtsak

Lehendakariak ziurtatu du ez duela oraindik dirurik jaso Next Funtsen hiru proiektu estrategikoetarako

Lehendakariak gogorarazi du, Europako Funtsen kudeaketa atzeratu den arren, Euskadik aukera duela suspertze hori baliabide propioekin sustatzeko, eta zehaztu du funtsak iristen direnean, "iristen badira", inbertsioak azkartuko direla.

Urkullu eta Azpiazu, Euskadi Next programa aurkezten, 2020ko abenduan. EFE
Urkullu eta Azpiazu, Euskadi Next programa aurkezten, 2020ko abenduan. EFE
Urkullu eta Azpiazu, Euskadi Next programa aurkezten, 2020ko abenduan. EFE

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urkullu lehendakariak adierazi du ez dagoela eroso Europako Funtsak suspertzeko Europar Batasuna egiten ari diren kudeaketarekin, baina azpimarratu du Euskadik aukera duela susperraldia baliabide propioekin bultzatzeko.

Carlos Iturgaitz Alderdi Popularreko legebiltzarkideak Iñigo Urkullu lehendakariari kudeaketa horren inguruan galdetu dio gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egindako Jaurlaritzaren Kontrolerako Osoko Bilkuran.

Bere erantzunean, lehendakariak azpimarratu du Euskadin egindako lanaren balorazioa positiboa dela, eta Euskadi NEXT programan ezarritako estrategia eta Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien 500 milioi euroko inbertsio-plana betetzen ari direla.

Urkulluk azaldu duenez, Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak ez du proiektuaren finantzaziorik baieztatu. "Baieztatu du Euskadik aurkeztutako proiektuak bat datozela ministerioek dituzten PERTEekin eta finantzaketa-tresnekin, baina egia da zazpi hilabete igaro direla proiektuak aurkeztu genituenetik, eta oraindik ez dugula dirurik jaso helarazi nizkion hiru proiektu estrategikoetarako: Terapia aurreratuena, datuaren ekosistemarena eta mugikortasun iraunkorrarena".

Zehaztu du posible izan dela inbertsiorako baliabideak aurreratzea, eta Europako Funtsak iristen direnean, "iristen badira" bizkortu egingo direla inbertsioak.

Jaurlaritzak kudeaketaren gaineko balorazio positibo horren ifrentzuan, lehendakariak zehaztu du Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren kontrol- eta kudeaketa-tresna ez dagoela amaituta, eta ez dutela jaso Euskadiri dagozkion funtsen kudeaketa orokorraren berri izatea ahalbidetuko duen jarraipen-txostena. Hori dela eta, funtsen hedapenean "bizkortasun handiagoa beharko" dela nabarmendu du, "hiru urte besterik ez baitaude 70 mila milioi euroko guztizko inbertsioa konprometitzeko".

Lehendakariaren esanetan, Espainiako Gobernuak Bruselara bidalitako egonkortasun-programaren arabera, 12.187 milioi baino ez dira iritsi, 2021erako eta 2022rako aurrekontuan jasotakoaren % 23.

Iturgaitzek azpimarratu duenez, "kexatzea oso ondo dago", baina "ezin da Sanchezen zain egon", eta lehendakariari eskatu dio konponbideak bilatzeko eta aprobetxatu dezala foru kutxak "gainezka" daudela Kontzertu Ekonomikoa erabiltzeko, bai eta zergak murrizteko ere, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europar Batasuna Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Europa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Carlos Iturgaiz Dirulaguntzak