Itxi

Politika

Eusko Legebiltzarra

Autogobernuaren etorkizuna Legebiltzarreko taldeen esku dagoela ziurtatu du Urkulluk

I. R. | EITB MEDIA

Hala adierazi du lehendakariak Eusko Legebiltzarreko gaurko kontrolerako saioan, Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-EB) ponentzia abian jarri beharko litzatekeen galdetuta.

  • Iñigo Urkullu lehendakaria, kontrolerako saioan.

    Iñigo Urkullu lehendakaria, kontrolerako saioan.

Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan esan duenez, autogobernuari buruzko lantaldea berriro martxan jartzea taldeen esku dago. Hala ere, joan den martxoan egindako hausnarketa berretsi du, hori egitea beharrezkoa den ala ez galdetuta, azken legegintzaldietan asko aurreratu baita arlo horretan. Halere, ildo horretan Eusko Legebiltzarrak bere lanei berriro ekitearen alde agertu da.

Hala adierazi du lehendakariak Elkarrekin Podemos-EBko Miren Gorrontxategi legebiltzarkideak egindako galderari. Horren arabera, autogobernuaren afera jada ez dago gobernuaren agenda politikoaren barruan; hala ere, gaur egun bizi ditugun krisiak gogoratuta, zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritzak bere esparru juridikoaren barruan behar besteko tresnak ote dituen "zibilizazio-aldaketa" eragingo duten egoera koiuntural horiei guztiei aurre egiteko, eta mahai-gainean jarri du autogobernuaren lantaldea berriro martxan jartzea.

"Hainbat gauza ezin direla egin esan da askotan hemen, eskuduntza nahikorik ez dugulakoan. Eta batzuetan, sortzen da zalantza ea hori errealitatea edo aitzakia den", salatu du Gorrotxategik.

Horren aurrean, Urkulluk gogoratu du joan den martxoan esan zuela autogobernuaren lantaldeak proposatutakoa Eusko Legebiltzarrak eztabaidatu eta erabakiak hartu behar dituela, eta, adostasuna lortu eta bideragarritasun instituzionala duela ziurtatuta, herritarrek onartu beharko luketela Legebiltzarrak proposatutako hori, erreferendum bidez.

"Eztabaida hemen eman behar da (Legebiltzarrean). Guri dagokigu adostea eta eredugarriak izatea, eta euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea elkargune bihurtzea, eta ez haustura-gune. Oinarri sendoak ditugu alor horretan aurrera egiteko ", defendatu du lehendakariak, eta ponentzia berraktibatzearen alde agertu da, baina taldeei dagokiela azpimarratu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena