Politika -
Arku Atlantikoa
Lehendakariak eskualdeetako gobernuen papera aldarrikatu du "gune atlantiko indartsu bat" eraikitzeko
Iñigo Urkulluk, Arku Atlantikoaren Batzar Nagusiaren irekieran, Korridore Atlantikoari behin betiko bultzada emateko beharra defendatu du, baita Europaren etorkizunari buruzko konbentzio handi bat egitekoa ere.
EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak "gune atlantiko sendo bat" eraikitzea aldarrikatu du, erronka handiei aurre egiteko, eta Europar Batasuneko kide ez diren herrialde europarrak batzeko modu berri bat adostea ezinbestekoa dela adierazi du.
Arku Atlantikoaren Batzar Nagusia abiatu da gaur Donostiako Kursaal Jauregian eta irekiera-ekitaldian egin ditu adierazpenok Urkullu lehendakariak. Euskal Autonomia Erkidegoko agintariez gain, Nafarroako, Galiziako, Kantabriako eta Andaluziako arduradunak izan dira, baita Frantziako, Irlandako, Portugalgo eta Galeseko ordezkariak ere.
"Batzorde honetan parte hartzen dugun lurraldeek paper garrantzitsua izango dugu Europaren etorkizunari buruzko balizko biltzar baterako lanak egiterakoan", adierazi du Eusko Jaurlaritzako buruzagiak.
Foro honek 2015ean egin zuen azkeneko bilera Euskal Autonomia Erkidegoan eta Eusko Jaurlaritzaren esku egongo da beste bi urtez batzordearen presidentzia.
Asanblada bi egunetan egingo dute eta azkeneko saioan adierazpen politiko bat bozkatuko dute.
Lehendakariak azpimarratu du beharrezkoa dela "eremu atlantiko indartsu" bat aldarrikatzea, "datozkigun erronkei aurre egin ahal izateko". Duela zazpi urte, azkenekoz Arku Atlantikoaren Batzar Nagusia Euskadin egin zenetik, bizitako gertaerei erreferentzia egin die, hala nola "Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetea, 2020ko abenduan amaitu zen prozesua; oraindik gainditzeke dagoen covid-19aren pandemia; eta Errusiak Ukrainaren gainean egindako inbasioa eta horrek eragindako gerra, kalkulatzen zailak dituen ondorioak dakartzana".
Eusko Jaurlaritzak, 2015ean egin bezala, "Atlantikoko Korridorea egiteko behin betiko bultzada eskatzen" jarraitzen duela gogorarazi du. "Hori lehen mailako helburua da gu guztiontzat, baita Europako integrazio-proiektua bera bultzatzeko ere", lehendakariaren esanetan.
Urkulluren arabera, Arku Atlantikoko Batzordeko lurraldeek zeregin garrantzitsua dute Europaren etorkizunari buruzko balizko Konbentzioa lantzeko prozesuan. Konbentzio horrek, besteak beste, aztertu beharko lituzke "Kontseiluan betoa desagertzea, lankidetza bereizi irekia eta, baita Europako Batasuneko kide izan gabe, Europako balioei atxikita egon nahi duten herrialdeentzako batze modu berri bat ere".
Eusko Jaurlaritzak eguneratu egin du "Europaren Etorkizunen inguruko Ikuspegia" dokumentua, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko orduko presidenteak Europari buruz abiarazitako hausnarketaren esparruan 2017an aurkeztu zuen txostena. Dokumentu horretan, "Estatu barneko, eskualde edo nazio mailako gobernuen balioa" azpimarratzen du, "Europar Batasuneko gobernantza hobe eta aberatsagoa" lortzeko.