Politika -

EITB FOCUS

Hauek dira udaletan eman litezkeen itunak, datuak kontuan hartuta

EITB FOCUS inkestaren emaitzek % 100eko ziurtasuna duen agertoki bakar bat aurkezten dute: Bilbokoa. Beste bi hiriburuetan, aukera bat baino gehiago eman liteke.

IKER GONZALEZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EITB FOCUSen hogeita zazpigarren inkestaren lehen atalak, udal hauteskundeei begira, hiru egoera ezberdin marraztu ditu EAEko hiriburu banatan. Egoera horietan oinarrituta, tokian tokiko itun edo argazkiak eman litezke, udalen osaketarako jardunaldian.

GASTEIZ

Indar bozkatuenak Gasteizen izan lezake egoera konplexuena, inkesten arabera jeltzaleek botoen % 24,5 jasoko lituzkete eta, (% 23,8 2019an), hain zuzen, 7  zinegotzi, EH Bilduk lortuko lituzkeen zinegotzi kopurua berdinduta (bat gehiago).

Datuak eskuan izanda, bi egoera eman litezke:

-Aurreko hauteskundeetako eskema bera errepikatu, alegia, EAJ (7) + PSE-EE (6) + PP eta Elkarrekin Podemosen boto zuria: 13, Urtaran alkate. 2019an, Miren Larrionek hautagaitza aurkeztu zuen, baina bere koalizioaren botoak baino ez zituen lortu (6).

-Ezkerreko taldeen batuketa: EH Bildu (7) + PSE-EE (6) + Elkarrekin Podemos (2): 15 zinegotzi, horrela, Rocio Vitero, EH Bilduren gaur egungo zinegotzia eta primarioetarako hautagai bakarra, alkate izango litzateke.

DONOSTIA

Hiriburu donostiarrean, EAJk zein EH Biduk zinegotzi bana gehiago lortuko lukete, 11 eta 7 ordezkari erdietsita, hurrenez hurren. Logikari jarraituta egoera bat aurkezten dute zenbakiek, baina badago beste aukera bat ere:

-Aurreko hauteskundeetako formula jarraituta, EAJ (11) eta PSE-EE (5) alderdien botoak batuta, nahikoa litzateke hautagaitza jeltzaleak Alkatetza eskuratzeko. 2019an, Elkarrekin Podemosek ere hautagaitza aurkeztu zuen alkatetzarako, eta EH Bilduk zein PPk zurian bozkatu zuten.

-EH Bilduk (7) bat egingo balu PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek Irunen lortutako akordioarekin, 14 boto bilduko lituzkete, EAJk (11) eta PPk (2) batuko lituzketen 13 botoen aurrean.

BILBO

EITB FOCUSek iragarritako datuak gauzatuz gero, hautagaitza jeltzaleak ez luke akordiorik beharko aginte makila bere gain hartzeko, 15 zinegotzirekin gehiengo osoa izango bailuke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Donostia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak EiTB Focus Udal eta foru hauteskundeak 2023 Hauteskunde inkestak