Politika -
Hauteskundeak 2023an
Eva Lopez de Arroyabe eta Rocio Vitero EH Bilduren zerrendaburu bezala berretsi dituzte Araban
Biek % 90eko babesa gainditu dute koalizioko militanteen artean.
Agentziak | EiTB Media
Eva Lopez de Arroyabe eta Rocio Vitero EH Bilduko zerrendaburu gisa berretsi dituzte Araban. Horrela, Arabako ahaldun nagusi eta Gasteizko alkate izateko hautagai izendatu dituzte, 2023ko hauteskundeetan.
Bozketak amaituta, inongo alegaziorik ez da aurkeztu; Eva Lopez Arroyabek botoen % 98,8 jaso ditu, eta Rocio Viterok bozen % 91, EH Bilduk ohar batean jakitera eman duenez.
Bozketak maiatzaren 26, 27 eta 28an egin zituzten, eta koalizioaren lurraldeko militanteen erdia baino gehiagok parte hartu dute.
Eva Lopez de Arroyabek (Gasteiz, 1973) Idazkaritza Zuzendaritza titulua du. 2007tik 2011ra UAGA eta EHNE sindikatuetako zuzendaritzako kide izan zen, eta EHNEko berdintasun arloa zuzendu zuen. UAGAren zuzendaritzan parte hartu duen lehen emakumeetako bat izan da, beste bi kiderekin batera.
Gainera, 2014tik 2016ra Gure Soroa Arabako Emakume Nekazarien Elkarteko presidenteordea izan zen. 2013tik 2017ra, Larreako Batzorde Administratiboaren presidentetzan jardun zuen. Era berean, 2015etik Arabako batzarkidea izan da, eta 2016tik 2020ra legebiltzarkidea.
Rocio Viterok (Gasteiz, 1980) Gizarte Lanean gradua du, eta Esklusio, Integrazio eta Herritartasunean masterra. Gizarte politiken ikuskaritzan aditua da, eta adinekoen egoitzetan laguntzaile gisa lan egin du.
Era berean, Aterpe zentroko arduraduna izan da, eta Sidalava elkartea koordinatu eta kudeatu du. Mugimendu sozialetan eta boluntario bezala ere ibilitakoa da. 2019tik EH Bilduko zinegotzia da.