Politika -
EITB Focus
Gorrotxategi: "Elkarrekin Podemosekin gobernuak hobeak direla erakusteko urtebete daukagu"
EITB Focus inkestaren arabera, Elkarrekin Podemosek behera egingo luke datozen foru hauteskundeetan. Miren Gorrotxategik, baina, garrantzia kendu dio eta azpimarratu du oraindik urtebete falta dela.
EITB Media
EITB Focus inkestaren arabera, datorren urteko foru hauteskundeetan Elkarrekin Podemosek behera egingo luke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Balizko galera horren harira, Miren Gorrotxategik adierazi du "oraindik urtebete falta" dela eta denbora horretan Elkarrekin Podemosen "erronka" izango dela herritarrei erakustea eurak gobernuan egonez gero, "gobernu hobea" izango litzatekeela.
EAJren eta EH Bilduren gorakada dela eta, Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak esan du egungo testuinguruan jendarteak ez duela gobernu aldaketak bultzatzeko indarrik. "Pandemia baten ostean gaude eta gizartea, orokorrean, kontserbadoreagoa izaten da eta ez du salto egiteko gogorik izaten", azaldu du.
Hala ere, "urtebete geratzen zaigu eta epe horretan gure erronka izango da eragiteko gai garela erakustea, gobernuetan egonda ala ez".
"Egia da udal gobernu batzuetan soilik dugula presentzia, baina herritarrei erakutsi behar diegu gu gobernu horretan egongo bagina, gobernu hobea izango litzatekeela", nabarmendu du.
Horrez gain, aitortu du Unidas Podemos Espainiako Gobernuan egoteak eragina izan dezakeela Euskal Autonomia Erkidegoko udal eta foru hauteskundeetan. "Hauteskundeak heltzen direnean balorazioa egin beharko da eta guk azpimarratu beharko duguna da Espainiako Gobernuak egin dituen gauza garrantzitsu askoren atzean Unidas Podemos egon dela: pandemian garaian onartutako aldi-baterako lan-erregulazioak, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera, askatasun sexualaren lege berria…"
"Unidas Podemos edo Elkarrekin Podemos dauden gobernuetan politika eraldatzaileagoak egiten dira eta hori erakutsi behar diogu jendeari", berretsi du.