Politika -

'Euskal Y'arekin lotura

AHTa Nafarroara heltzeko "lan diskretua" egiten jarraituko duela azpimarratu du Foru Gobernuak

Kontrolerako saioan, Bernardo Ciriza kontseilariak ez du argitu zein bide nahiago duen exekutiboak AHTa Iruñera heltzeko. Esparzak (Na+) salatu duenez, "azkenean Madrilek eta EH Bilduk diotena egingo du Chiviteren gobernuak".

Ciriza kontseilaria, bere agerraldiaren une batean. Argazkia: EITB Media
Ciriza kontseilaria, bere agerraldiaren une batean.
Ciriza kontseilaria, bere agerraldiaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Euskal Y"a Iruñarekin lotzeko bideak aurrez aurre jarri ditu Nafarroako Gobernua (PSNk Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk osatutakoa) eta Navarra Suma eskuineko koalizioa (Na+) gaur Nafarroako Parlamentuan egindako kontrolerako saioan. Javier Esparzak (Na+) egindako interpelazioan, "PSOEren eta Bilduren atzetik ibiltzea" egotzi dio Chiviteren gobernuari. Horri erantzunez, Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak azpimarratu du Foru Gobernuak "lan diskretua" egiten jarraituko duela AHTa Nafarroara hel dadin. "Hori baita garrantzitsuena, gero ikusiko dugu Ezkiotik edo Gasteizetik heldu behar den", gaineratu du.

Elkarri mokoka ibili dira Ciriza eta Esparza. Navarra Sumako bozeramaileak argibideak eskatu dizkio kontseilariari Nafarroako Gobernuak zein bide nahiago duenari buruz. Pasadan astean, lotune horren inguruan zeuden "desadostasunak" aitortu zituen Espainiako Garraio ministroak, baina "uda baino lehen" hiru aldeen (Espainiako Gobernua, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua) arteko bilera egingo zutela iragarri zuen, auzia argitze aldera. Bi aukera daude: lotunea Ezkio-Itsasotik (Gipuzkoa) egitea edo Gasteizetik. Lehen aukera laburragoa da, baina baita garestiago ere.

Esparzak Gipuzkoako bidea defendatu du, "Nafarroarentzat aukera onena" delakoan, baita ingurumenaren alorretik ere. Gasteiztik joateak, horren ustez, Nafarroa "bigarren mailako bide" bihurtuko du Europako konexioan. Navarra Sumako bozeramaileak gogorarazi duenez, 2019an Ezkioren alde egiten zuten Nafarroako sozialistek, eta iritziz aldatzea egotzi die, "Espainiako Estatuak —PSOEri erreferentzia eginda— aukera merkeena nahiago duelako". "Sentsazioa daukat PSOEk ez duela Nafarroan inbertsiorik egin nahi, EH Bilduk lanak atzeratu nahi dituela, eta hortaz, ziur nago PSNk batzuek zein besteek diotena egingo duela, eta ez nafarren onurarako dena".

Emandako erantzunean, AHTa bultzatzeko Nafarroako Gobernuak emandako "pausu oso garrantzitsuak" balioetsi ditu Ciriza kontseilariak. Besteak beste, Iruñeko Etxabakoitz auzoan eraikiko duten geltokiaren xehetasunak zehaztu ditu edo 0 zatian (Castejongoa) edo Tafalla-Campanas artekoan Europatik etorriko diren inbertsioak goraipatu ditu. "AHTari bultzada ematea ekintzekin egiten da, ez esanekin", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Iruñea PSN Nafarroa Espainiako Gobernua Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Abiadura Handiko Trena María Chivite