Itxi

Politika

ETAko presoak

Xabier Atristain ETAko kide ohia espetxeratu dute, Gorenak zigorra berrikusteari uko egin ostean

Agentziak | EITB Media

Ertzaintzak Donostiako Alde Zaharrean atxilotu du, Auzitegi Gorenak Atristainek aurkeztutako berrikuspen-errekurtsoa atzera bota eta 17 urteko espetxe-zigorra ezarri zion ebazpena berretsi zuenetik 24 ordu baino gutxiagora.

1:28
Elkarretaratzea Donostian. Irudia: EITB Media

Ertzaintzak Xabier Atristain ETAko kide ohia atxilotu du ostegun honetan Donostian, Auzitegi Gorenak 17 urteko kartzela-zigorra berraztertzea errefusatu eta biharamunean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berme guztiak dituen prozesu baterako eskubidea urratutzat jo ostean.

Atristain otsailaren 17an atera zuten espetxetik, 2010ean inkomunikazio erregimenean atxilotuta egon zenean konfiantzako abokatu bat aukeratzen ez uzteagatik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu ondoren. Donostiako Martuteneko espetxean sartu dute berriro.

Ertzaintzak Donostiako erdigunean atxilotu du, Auzitegi Nazionalak emana baitzuen hura bilatzeko, atxilotzeko eta espetxeratzeko agindua, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Atxiloketa 13:00ak pasatxo zirenean izan dela zehaztu du, eta Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko 3 zenbakiko Salaren agindu bat "betetzeko" egin dela.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Atristaini, 2010ean atxilotu zutenean eta inkomunikatuta zegoenean, abokatua aukeratzea ukatu izanak hasierako aitorpenean eta ondorengo epaiketan eragina izan zezakeela. Gainera, Atristaini 12.000 euroko kalte-ordaina ematera behartu zuen Espainia, kalte moralagatik, eta beste 8.000 euro epaiketako kostu eta gastuengatik, bere eskubideen urraketarekin eragindako kaltea konpontzeko. 

Atristainek, orduan, bere kondena baliogabetzeko berrikuspen-errekurtsoa aurkeztu zuen Gorenean, argudiatuz Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak ondorioztatu zuela abokatua aukeratzeko debekuak "ondorengo prozesu penalaren ekitatea ahuldu zuela, Atsirstainen hasierako inkriminazio-deklarazioa froga gisa onartu zelako".

Goreneko magistratuek uste dute, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hautemandako urraketak eragindako adierazpenak alde batera utzita ere, badirela beste froga batzuk Atristainen kondena oinarritzen duten egitateei buruzko ondorio berera iristeko. Horregatik, ebatzi dute kasu honetan ez dela bidezkoa epaia berrikustea.

Ohar batean, Sortuk adierazi du Espainiako Justiziak ezin duela egin "sudur puntan jartzen zaiona", eta Estrasburgoko epaia bete behar duela. Era berean, dei egin die "demokraziaren aldeko" eragile politikoei, sindikalei eta sozialei "ahotsa altxatzeko" "barrabaskeria honen aurrean".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena