Politika -
NAFARROA
Euskal Herriak "burujabetza berreskuratu" behar duela aldarrikatu du Amaiurraldiak
Amaiurko batailaren 500. urtemuga aprobetxatuta, "errepublika aske eta burujabea" lortzeko prozesuari hasiera eman dio ekimen honkin "Nafarroa Berriz Altxa" mugimenduak.
EITB MEDIA
Ehunka lagun elkartu dira larunbat honetan Amaiurko gaztelua gogoratzen duen oroitarriaren aurrean, "Nafarroa berriz altxa" mugimenduak deituta, Amaiurraldian.
Duela 500 urte, Nafarroaren independentzia defenditu zuten noble eta soldaduei omenaldia egin diete eta Euskal Herriak "bere bidea" egin behar duela aldarrikatu dute, "Espainiarekin eta Frantziarekin dituen loturak askatu" eta "Euskal Errepublika eratuta".
Joseba Compains, "Nafarroa Berriz altxa" plataformako bozeramaileak gogorarazi du Amaiurraldiak bi aldarri nagusi dituela: "Batetik, oroitzea duela 500 urte hemen pasa zena, gertakari historiko garrantzitsu bat Nafarroaren burujabetza galeran; eta bestetik , XXI. mendean Nafarroak, eta oro har, Euskal Herriak burujabetza berreskuratu behar duela aldarrikatzea, parez pare dituen erronkei aurre egiteko".
Nafarroako EH Bilduko hainbat ordezkari ere Amaiurren izan dira, Laura Aznal, Joseba Asiron eta Bel Pozueta, besteak beste.
Jaia eta errebindikazioa uztartu dituen egun honetan ibilaldia egin dute parte hartzaileek Amaiurko gaztelutik Arizkuneraino, eta ondoren, Elizondok hartu du festa, iluntzeraino.