Politika -
Interpelazioa Kongresuan
ETA desegiten bada, dispertsioa hausnartuko du Barne ministerioak
Iñaki Antiguedad Kongresuan egon da azkenekoz, eta ETAko presoen inguruko interpelazio bat eztabaidatu du.
Erredakzioa
ETA baldintzarik gabe desegiten bada, Gobernuak dispertsio politika hausnartuko duela ziurtatu du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak.
Iñaki Antiguedad Amaiurreko diputatua Kongresuan egon da azkenekoz eta ETAko presoen inguruko interpelazio bat jarri du. Barne ministroak ukatu egin du "amnistia egongo denik edo preso guztiak hurbilduko dituztenik", birgizarteratzeko planari jarraiki.
Barne ministroak berretsi du presoen dispertsioak indarrean jarraituko duela ETA desagertzen ez den bitartean, eta orduan, hausnartuko dutela politika hori.
ETAri "engainatzea" egotzi dio Fernandez Diazek, ETAk urriaren 20an iragarritakoa eta gero, presoei espetxetik aterako zirela pentsarazteagatik.
Birgizarteratze planarekin bat egiten duten presoak soilik hurbilduko dituztela Euskadira berretsi du Barne ministroak. Gainera, dispertsio politikak giza eskubideak urratzen dituenik ukatu du, eta ETAko presoei ez ezik, beste talde terroristen kideei ere ezartzen zaiela adierazi du.
Iñaki Antiguedadek adierazi du neurria gehien sufritzen dutenak ETAko presoen senideak direla, eurek bisitatzeko milaka kilometro egin behar dituztelako.
Kongresuan egin duen azken hitzaldian, Amaiurreko diputatuak "salbuespenezko politikekin tematuta" jarraitzea leporatu dio Gobernuari, eta terrorismoarekin amaitzeko "trabak" besterik ez dituztela jartzen esan dio.