Politika -
PARLAMENTO EN LAS ONDAS
Osakidetza "desegitea" egotzi diote oposizioko taldeek Sagarduiri
Bien bitartean, Aitor Urrutia legebiltzarkide jeltzaleak "lasaitasunerako" mezua igorri die herritarrei. Osakidetzaren "Lehen Arreta guztiz bermatuta" dagoela adierazi du, "orain eta beti".
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioko solasaldi politikoan, oposizioko talde guztiek gogor kritikatu dute Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, asteon, Osakidetzarako iragarri duen "kultura aldaketa".
EH Bilduko Nerea Kortajarena legebiltzarkidearen iritzian, "murrizketak, prekarizazioa eta baldintzen okertzea" daude sailburuaren hitzen atzean. "Aspalditik datorren kontua da hau, ez da berria Osakidetzaren eraistea. Duela urte asko hasi zen, eta 2018an areagotu, hainbat zentro ixten hasi zirenean", zehaztu du. "Planifikazio eza" egotzi dio ezker abertzaleko kideak Jaurlaritzari, "osasun-langileak faltako zirela jakinekoa baitzen". "Neurri eraginkorrak hartu beharrean, prekarizazioa bilatu da", esan du.
Bide beretik hitz egin du Elkarrekin Podemos taldeko Iñigo Martinezek ere. Horren ustez, Osakidetzak behar duena "baliabide gehiago" da, eta "ez kultura aldaketa". Sindikatuek ekainaren 26rako deitu duten manifestazioaren harira, berriz, ezinbestekoa iritzi dio Jaurlaritzako ordezkariek lehenbailehen langileekin mahaiaren bueltan eseri eta lan-baldintzak hobetzeko neurriak hartzea.
Era berean, Laura Garrido legebiltzarkide popularrak "inprobisatzea" eta "planifikatzen ez jakitea" leporatu dizkie Osakidetzako kudeatzaileei. PP-Cs taldeak Sagarduiren berehalako agerraldia eskatu duela Eusko Legebiltzarrean iragarri du. "Egiturazko arazo baten aurrean gaude. Osasun-langileak aspalditik ari ziren honen berri ematen. Onartezina da gertatzen ari denari aldaketa kulturala deitzea", zehaztu du.
Voxeko Amaia Fernandezek ere uste du "aspaldiko arazo baten aurrean" gaudela, eta ez dela konponbiderako borondateko politikorik egon.
Bien bitartean, Aitor Urrutia legebiltzarkide jeltzaleak "lasaitasunerako" mezua igorri die herritarrei. Osakidetzaren "Lehen Arreta guztiz bermatuta" dagoela adierazi du, "orain eta beti"."Inork ez du Zarauztik Eibarrera edota Zallatik Bilbora joan beharko", zehaztu du.
Ekain Rico sozialistak, berriz, Osakidetzak "betiko kalitateari eusteko lanean" jarraituko dutela hitz eman du, "hori adostu genuelako gobernu-akordioan eta ez garelako hortik mugituko".