Politika -
Epaiketa
Fiskalak jaitsi egin du D3M eta Askatasuneko kideentzako zigor-eskaera
Auzitegi Gorenak joan den astean Bateragune auziko epaian ezarri zituen "proportzionaltasun irizpideak" kontuan izanda hartu du erabakia fiskalak.
Erredakzioa
Fiskaltzak bi urte eta bi urte eta zazpi hilabete artean jaitsi egin du Askatasuneko eta D3Mko hamahiru kidetik hamaikarentzako zigor-eskaera, eta beste biak absolbitzearen alde azaldu da. D3Mko eta Askatasuneko hamahiru kide epaituak izaten ari dira Auzitegi Nazionalean ETAko kide izatea edo ETAri laguntzea egotzia.
Horrela adierazi du Vicente Gonzalez Mota fiskalak azken ondorioen txostenaren azalpenean. Fiskala, halaber, Fernando Antia Arabako Demokrazia 3 Milioiko ordezkaria eta Aitor Ligerzana (preso dago beste auzi batengatik) absolbitzearen alde azaldu da.
Fiskalak sei urte eta bost hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Amparo Lasherasentzat (D3Mko bozeramailea) eta Arantza Urkaregirentzat, Elisabeth Zubiagarentzat, Iker Rodrigorentzat, Imanol Nietorentzat, Agurtzane Solabarrietarentzat, Hodei Egañarentzat, Unai Berrostegietarentzat eta Zuriñe Zorrozuarentzat ETAko kide izateagatik. Fiskalak hasiera batean bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen.
Bestalde, bost urteko kartzela zigorra eskatu du Jose Antonio Munduate Askatasuneko presidentearentzat, eta Xabier Isasa idazkariarentzat, ETAri laguntzeagatik. Hasiera batean zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuen.
Hori horrela, Auzitegi Gorenak joan den astean Bateragune auziko epaian ezarri zituen "proportzionaltasun irizpideak" kontuan izanda hartu du erabakia Gonzalek Motak. Auzitegi Gorenak auzipetu guztiei espetxe-zigorra sei urtera jaitsi die. Auzitegi Gorenak Bateragune auziko bost auzipetuak erruduntzat jo ditu eta, ondorioz, Arnaldo Otegik, Rafa Diez Usabiagak, Miren Zabaletak, Sonia Jacintok eta Arkaitz Rodriguezek espetxean jarraituko dute.
Fiskalaren arabera, Askatasuna eta D3M plataformako kideak ez ziren "hauteskunde eskaintza" soil bat, ETAk bere banatze politikoaren estrategian erabiltzeko diseinatutako "produktu" bat baino.
Gonzalez Motak testuinguru politikotik eratorritako edozein aukera eta ekitate printzipio baztertzeko eskatu dio auzitegiari. Ildo horretan, legaltasuna eta segurtasun juridikoa soilik kontutan hartzeko eskatu dio.