Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

'Barkamena eskatzea kontzientziaren araberakoa da; ezin da exijitu'

Adriana Faranda Brigada Gorrietako kide ohiaren ustez, militanteak "damutzea" da garrantzitsuagoa, "barkamena eskatzea" baino.

Adriana Faranda Brigada Gorrietako kide ohia, gaur Radio Euskadin. EITB
Adriana Faranda Brigada Gorrietako kide ohia, gaur Radio Euskadin. EITB
Adriana Faranda Brigada Gorrietako kide ohia, gaur Radio Euskadin. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adriana Faranda Italiako Brigada Gorrietako kide ohiak adierazi du barkamena eskatzea "pertsonala eta kontzientziaren araberakoa" dela, eta Carmen Gisasola ETAko preso disidenteak Eusko Jaurlaritzak antolatutako Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarrean egin zezakeen ekarpena "oso garrantzitsua" izan zitekeela gaineratu du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Farandak gogorarazi du Brigada Gorriak ez direla inoiz desegin eta ez dituztela entregatu armak. Horrenbestez, Euskadin abiatutako bidea "eraginkorragoa" dela iritzi dio.

Biktimei barkamena eskatzeko beharraz, Farandak esan du hori "pertsonala eta kontzientziaren araberakoa" dela.

"[Indarkeriatik] bereizteko prozesuaren barruan, barkamena eskatzea baino, gu damutu egin gara. Izan ere, barkamena eskatzea kontzientziaren araberakoa da, eta ezin da exijitu", esan du. Dena dela, damutzea "kategoria juridiko" bihurtu dela salatu du.

Aldo Moro Italiako lehen ministro zenaren hilketaren ostean, mundua bidezkoagoa egitea eta indarkeria ez direla bateragarri ohartu zela azaldu du.

Harremanak biktimekin

Biktimen senideekin izandako bilerei dagokienez, Farandak esan du Italian banaka abiatu zutela bide hori: "Norberak bilatu zituen biktimen senideak".

"Aldo Mororen alabekin harremanetan izan naiz, eta esperientzia zirraragarria izan da; zaila, baina aberasgarria. Harreman horiek nola hazi ziren ikustea oso polita izan da", nabarmendu du.

Gisasola

Brigada Gorrietako kide ohiaren ustez, Carmen Gisasola ETAko kide damutuak Bizikidetza Biltzarrean egin zezakeen ekarpena "oso garrantzitsua" izan zitekeen "erakundetik ateratzea erabaki duen pertsona baten ikuspuntua, arazoak eta hausnarketak ulertzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea