Politika -

Ministroen Kontseilua

Espainiako Gobernuak larunbatean onartuko du krisiaren aurkako dekretua, ezohiko bilera batean

Espainiako Exekutiboa dekretu berriaren neurriak prestatzen ari da; izan ere, orain arte onartutakoak ekainaren 30era arte egongo dira indarrean.

Astearte honetako Ministroen Kontseilua. Argazkia: EFE
Astearte honetako Ministroen Kontseilua. Argazkia: EFE
Astearte honetako Ministroen Kontseilua. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Ministro Kontseiluaren ezohiko bilera deitu du larunbaterako, Ukrainako gerrak eragindako krisiari aurre egiteko, indarrean dauden neurriak luzatzeko dekretua onartzeko. Dirudienez, neurri berriak ere jasoko ditu dekretuak.

Isabel Rodriguez Espainiako Exekutiboko bozeramaileak deialdiaren berri eman du prentsaurrekoan, astearte honetako Ministroen Kontseilua bukatu ondoren. Era berean, datorren astearteko bilera astelehenera aurreratu dute, hurrengo asteko NATOko goi-bileraren ondorioz.

Espainiako Gobernua dekretu berriaren neurriak prestatzen ari da; izan ere, orain arte onartutakoak ekainaren 30era arte egongo dira indarrean.

Diaz: "Koalizioaren baitan negoziatzen ari gara"

EBko estatuburuen eta gobernuburuen goi-bilera amaitu eta biharamunean izango da Ministroen Kontseiluko ezohiko bilera. Europar Batasuneko buruzagien batzarrean, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialak aztertuko dituzte.

Familia zaurgarrienak laguntzeko 300 euroko txeke bat eta garraio abonuarentzako diru-laguntza bat barneratzea eskatu du Yolanda Diaz bigarren presidenteordeak.

"Koalizioaren baitan negoziatzen ari gara. Bi espazio ezberdin gara, ikuspegi desberdinekin. Inflazioak pertsonen bizitzan duen eragina arintzeko neurriak planteatzen ari gara", esan du Diazek.

Hala ere, bigarren presidenteordeak onartu duenez, jarrerak hurbiltzeko "denbora gutxi" geratzen da. "Akordio batera iritsiko garela seguru nago", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Espainiako Gobernua Espainia KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Gas naturala