Politika -
Elkarrizketa euskadi irratian
Gorrotxategi: "NATOren aurka gaude, gerrarako sortutako erakundea da, ez bakerako"
Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak esan du Pedro Sanchezek Melillako heriotzen inguruan egindako adierazpenak entzunda, norabide aldaketa bat egon dela Espainiako Gobernuak migratzaileekiko duen jarreran.
Iker Gonzalez | eitb media
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi du "NATOren aurka" daudela: "gu bakezaleak gara, eta kontuan hartu behar da nola sortu zen, gerrarako sortutako erakundea da; ez da bakerako indar bat".
Gainera, Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan Gorrotxategik gaineratu duenez, NATO "hilzorian zegoen erakundea zen", baina, orain, "Ukrainako gerrarekin arnasa hartu du berriz".
Bestalde, Pedro Sanchezek Melillako heriotzen inguruan egindako adierazpenak izan ditu hizpide Gorrotxategik. Bere esanetan, norabide aldaketa bat egon da Espainiako Gobernuak migratzaileekiko duen jarreran.
"Gure ekimenez eta presioz, eta NBEk egindakogatik ere, azkenean, Fiskaltzak bere gain hartuko du ikerketa. Bada aurrerapausoa, gogoratu Sanchezen hitzak nolakoak ziren, ondo egindako ekintza poliziala izan zela esan zuen", azaldu du Gorrotxategik Melillan asteburuan izan ziren heriotzen inguruan.