Politika -

Gogoragunea

Gogorak memoriaren museoa izango du Bilboko egoitzan, 2023ko amaieran

Proiektua aurtengo laugarren hiruhilekoan lizitatu eta esleituko da. Obrak 2023ko hasierarako aurreikusita daude, eta zazpi hilabeteko epea izango dute burutzeko. Federico Sorianok diseinatutako espazioak 540 metro karratuko azalera eta zazpi areto izango ditu.

Gogoragunea museoaren proiektua. Irudia: Gogora
Gogoragunea museoaren proiektua. Irudia: Gogora
Gogoragunea museoaren proiektua. Irudia: Gogora

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak Gogoraren Bilboko bulegoak hartzen dituen eraikinaren patiorako diseinatutako Memoriaren Institutuaren erakusketa-espazioari buruzko xehetasunen berri eman du asteazken honetan.

Iñigo Urkullu lehendakaria Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaritza-kontseiluaren bileraren buru izan da. Zuzendaritza kontseiluaren bilera gaur arratsaldean egin da, Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan.

Egikaritze-proiektua amaitze eta balioztatze fasean dago. Baliozkotu ondoren, aurtengo laugarren hiruhilekoan lizitatu eta esleituko da proiektua. Proiektu museografikoa gauzatzeko obrak 2023ko hasierarako aurreikusita daude, eta zazpi hilabeteko epea izango dute burutzeko.

Guneak hausnarketa pertsonal eta kolektiboa bultzatu nahi du, printzipio eta balio etiko eta demokratikoak indartzeko helburuarekin: indarkeriari zilegitasuna kentzea, ez errepikatzea, giza eskubideak, aniztasun politikoa eta elkarrizketa. Azken batean, bizikidetzarako memoria.

Proiektuak aldi historikoak eta biktimizazio-kausak bereizten ditu, eta berariaz baztertzen du gertakari batzuk justifikatzea edo beste batzuekin parekatzea.

Gogorak egoitza duen eraikinaren patioan kokatuko da Federico Soriano arkitektoak diseinatutako espazioa, 540 metro karratuko azaleran, eta zazpi areto nagusitan egituratuta dago, sarrera, ataria eta ongietorria egiteko guneaz gain:

1. Gerra Zibila eta Frankismoa

2. ETAren terrorismoa

3. Errepresioa, legez kanpoko polizia-indarkeria eta tortura

4. GAL eta eskuin muturreko terrorismoa

5. Gizartearen eta erakundeen erantzuna

6. Erresilientzia/gogoeta

7. Oraintsuko memoriaren espazioak

 2., 3. eta 4. aretoak antzera egituratzen dira: informazio interaktiboa, denbora-lerroekin, datuak eta audio- eta bideo-proiekzioak; biktimen testigantzak; hildakoen memoriala; eta informazioa zabaltzeko eta kontsultak egiteko atala.

Proiektuaren bokazio pedagogikoari eta sentsibilizazio- eta kontzientziazio-bokazioari erantzunez, amaierako espazioak bisitariaren gogoeta eragin nahi du bisitaren ondoren, bisitariak bere arrastoa utz dezan, gure memoria kolektiboaren eraikuntzan aktiboki parte hartuz.

Gogoragunea Euskadiko memoriaren pedagogiaren erreferentzia-gune gisa pentsatuta dago, ibilbidea egiteko eta, batez ere, esperimentatzeko eta hausnartzeko lekua da. Amaitutakoan, publiko orokorrari irekita egongo da, eta interes berezia izango du publiko gazteena erakartzeko.

Urduñako Kolunbarioa

Gogoraren zuzendariak, Aintzane Ezenarrok, Institutua egiten ari den jarduera batzuen berri eman du, besteak beste, Urduñako (Bizkaia) Kolunbarioaren inaugurazioa uztailean izango dela ere aurreratu du.

Bigarren kolunbarioa da, Bizkaiko lehena, eta, hasiera batean, 14 gorpuzki hilobiratuko dira bertan; Gerra Zibilaren garaian bertan egon zen presoen kontzentrazio-esparru eta kartzelan hil ziren 14 pertsonarenak dira gorpuzkiak, 2014an, Aranzadi Zientzia Elkarteak Urduñako hilerritik berreskuratu zituenak.

Guztira 60 gorpuzki hartzeko ahalmena du, eta etorkizunean lurpetik atera eta identifikatu ezin diren gorpuzkiak hartuko ditu, edo identifikatu ondoren, familiak bertan hobiratzea erabaki dutenenak, Elgoibarkoarekin (Gipuzkoa) gertatzen den bezala.

Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioak, 2017an inauguratua, 57 pertsonaren gorpuzkiak ditu gaur egun; aurrerantzean, Orduñako kolunbarioak jarraipena eman nahi dio Gogorak bultzatzen duen Gerra Zibileko biktimei dagokien duintasuna bueltatzeko lanean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo ETA Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak Museoak GAL Polizia abusuen biktimak