Politika -
radio euskadi
Atutxa: "EAJk beti nahiago izaten du Moncloan gehiengo absoluturik ez izatea, ez garelako existitzen"
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Pedro Sanchezi eskatu dio inbestidura kideak gutxiesteari eta dekretuz gobernatzeari uzteko.
eitb media
Radio Euskadiko asteburuko kronikan eskainitako elkarrizketan, Itxaso Atutxak "martxan jartzeko" eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, haren gobernu propioaren barnean "batasun elementuak" indartzeko, eta Kongresuan eta Senatuan behar duen gehiengoa "lantzeko". Zentzu horretan, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak kritikatu du Sanchez "gutxiesten" ari zaiela, eta gogorarazi du ezin duela "dekretuz" gobernatzen jarraitu.
EH Bildu Madrilgo gobernagarritasunean jokatzen ari den paperari dagokionez, Atutxak baietsi du "txeke zuria" eman diotela Sanchezi, babes "itsua". Hala ere, onartu du koalizioak "Euskadirentzako gauza onak" lortzen baditu, EAJk txalotu egingo duela.
Bizkai Buru Batzarreko presidentea datorren urteko udal eta foru hauteskundeen zein hautagaitza jeltzaleen inguruan ere aritu da. Atutxak azaldu duenez, "Alderdi Egunaren ostean" egingo dira BBBaren menpeko hautagaitzetarako proposamenak: Aldundia, Batzar Nagusiak eta Bilboko Udala.
Emakumeek alderdian daukaten papera nabarmendu du lider jeltzaleak, eta Beatriz Artolazabal sailburuaren "balio handiak" aipatu ditu, haren izena zerrendaren baten buruan egon litekeelarik. Edonola ere, Atutxak tamaldu du "oso zaila" dela oraindik emakumeen bidea politikan, "oso maskulinizatuta" dagoelako eta "emakumeen aurkakoa" delako zenbait alderditan.