Politika -
elkarrizketa
Iturgaiz: "Sanchezek urrezko aukera du igande honetan EH Bildurekin dituen harremanak hausteko"
PPko zinegotziaren bahiketaren eta hilketaren 25. urteurrena dela eta, Ermuak Miguel Angel Blanco omenduko du, eta, besteak beste, Espainiako errege-erreginek, Sanchezek, Urkulluk, Gobernuko presidente ohiek eta buruzagi politikoek hartuko dute parte ekitaldian.
A. S. | EITB MEDIA
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak adierazi duenez, Miguel Angel Blancoren hilketak "lurralde honen historia markatu zuen, baita pertsona askoren historia ere", eta gaineratu du "ETAk Miguel Angel Blancorekin egin zuena izan zela PPko buruzagiei esatea denok mehatxatuta geundela; eta hala izan zen".
Iturgaizek gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean esan du Sanchezek, igande honetarako antolatu den Miguel Angel Blanco PPko zinegotziaren bahiketaren eta hilketaren 25. urteurrena ospatzeko egingo den ekitaldi instituzionalean, "urrezko aukera" izango duela, "Espainia osoaren aurrean, Bildurekin harremanak hausteko eta ETAko buruek zuzendutako alderdi baten bazkide izateari uzteko".
Horren ustez, "horrela egingo ez balu, ez litzateke ulergarria izango" omenaldian egotea. "Nola joango zara Miguel Angel Blancori buruz hitz egitera zu Miguel Angel Blancoren hilketa justifikatzen dutenekin, ETAko bazkide direnekin, itunak egiten ari zarenean? Hori iraina litzateke", adierazi du.
EH Bildu egun historiko horretan egotea gustatuko litzaiokeen galdetuta, Iturgaizek erantzun du legegintzaldi honetan "Bilduk aukerak izan dituela PPko pertsonen aurkako erasoak, hilketak edo mehatxuak gaitzesteko, eta ez du egin". Dena dela, azpimarratu du ez dela harritzen; izan ere, "Bilduren alderdia ETAko buruzagiek zuzentzen duten alderdia da", gaineratu du. "Elkarbizitzaren aldeko apusturik egiten ez duen eta demokraziaren alorra gainditu ez duen alderdi bat dago oraindik", adierazi du.
Alderdi Popularraren esanetan, zinegotzi ermuarrarekin gertatutakoak Euskadiren historian inflexio puntu bat suposatu zuen: "Gaixotasun bat genuen, beldurraren gaixotasuna. Ezin zen politikaz hitz egin. Inor ez zen fio bizilagunekin ere", nabarmendu du. Gertaera horrek, baina, euskal gizartearen norabidea aldatu zuen; izan ere, orduz geroztik "jendea kalera ateratzen hasi zen".
Egun horietan bizitakoa gogoratu du: "Miguel hil zutenean, Lorena, nire bikotekidea, haurdun zegoen, eta gogoratzen dut Miguelen amaren ondoan eseri nintzela, eta esan niola nire semeari Mikel deituko niola, bere semearen omenez", azaldu du.
"Zinegotzi gisa Ermuak kiroldegi bat izatea zen horren ametsa", adierazi du. "Zinegotzia izateagatik 300 pezeta baino ez zituen kobratzen. Bere herriarentzat eta herritarrentzat lan egin nahi zuen", adierazi du. Horregatik, bahiketa eta hilketa are krudelagoa izan zirela uste du PPko presidenteak.
Amaitzeko, Iturgaizek ez du argitu nahi izan berriro Euskadiko popularren presidente izateko aurkeztuko den ala ez, eta adierazi du ez duela horri buruz hitz egingo "kongresuak data bat izan arte, afiliatuei zor zaien errespetuagatik".