Politika -
Biktimen Oroimenerako Zentroa
Erregea, Oroimenerako Zentroa zuzenduko duen Patronatuaren buru
Erregea patronatuaren ohorezko presidentea izango da Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean adostutakoaren arabera.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak Errege Patronatu bat eratzea adostu dute, eta Erregea izango da ohorezko presidente. Erakunde honek Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa zuzendu eta kudeatuko du.
Patronatua eratzea bi aldeko batzordeak adostu du, Barne Ministerioko eta Herrizaingo Saileko ordezkariek gaur Bilbon izan duten bileran.
Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak ETAren biktimak omendu eta gogoratuko ditu. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak joan den urtarrilaren 24an Artazako jauregian, Leioan, izan zuten bileran sinatu zuten ekimena.
Bi gobernuen artean egitura juridikoan, teknikoan eta erakundearen antolakuntzan lan egiteko batzordea eratzea ere adostu zuten bilera hartan.
Ohar baten bitartez adierazi dutenez, zentroa eratzeko tresna juridiko egokiena Patronatua da, eta ministro kontseiluan errege-dekretu bitartez eratuko da.
Ohorezko presidentzia Erregeak izango du, eta Barne Ministerioaren esku egongo da. Presidentzia Gobernuko presidenteak izango du, eta presidenteordea, lehendakaria izango da.
Zentroaren eginbeharrak, batik bat, terrorismoaren biktimen memoria gordetzea eta egungo eta etorkizuneko belaunaldietan, askatasunaren, elkarbizitzaren eta errespetuaren baloreak helaraztea izango da.
Halaber, terrorismoaren biktimak ikur diren baloreen defentsarako egingo diren ekimenetan herritarren parte-hartzea sustatzea bilatuko du.